ETXERAT (2023-XI-29). Atzo Nafarroako Antzerki Eskolan bere oroimenez izandako ekitaldiaren ostean, gaur manifestazioa abiatu da Iruñeko Errekoletak plazatik, ‘Sara gogoan. Aitortza. Erreparazioa. Ez errepikatzeko bermeak’ leloa zuen pankartaren atzetik.

Manifestazioa Aldapako San Fermin elizaren ondoan amaitu da eta bertan duela 20 urte auto istripu baten hildako Sara Fernandez omenezko ekitaldia egin dute. Alde Zaharreko auzokidea zen Sara eta 2003ko azaroaren 29an, Valdemoroko espetxera bisitan, beste lagun batekin zihoala, bizitza galdu zuen. 

Horrela mintzatu da Mikel Mundiñano, Sareko kidea. «Legea errespetatu izan balitz, Sarak ez zukeen egun horretan leku horretan egon behar. Legea errespetatuz izan balitz, Sarak ez zuen bizitza galduko 34 urterekin, preso dagoen lagun bat bisitatzeko jaiegun bat inbertitu nahi zuelako bakarrik. Legea errespetatu izan balitz, Sarak eta beste hamabost lagunek, euskal presoen senide eta lagunek, ez zuketen bizia galduko salbuespeneko espetxe politika batek behartutako bidaietan».