Izan Kuotakide!  Diru Laguntza!  Izan Boluntario!  Etxerat Denda

ALBISTEAK
NOTICIAS
NOUVELLES

Dispertsioak eragindako biktimen aitortza eta memoria aldarrikatu dugu Gasteizen

ETXERAT. Gaur Euskal Autonomia Erkidegoan ospatzen den Memoria eguneko ekitaldi ofiziala hasi baino lehen elkartu gara Eusko Legebiltzar atarian, Gasteizen. Memoria horretan biktimak faltatzen direlako elkartu gara gaur eta, horien artean, dispertsio politikak eragin dituen 16 biktimak ditugu.

Konponbidearen bidean ezinbestekoa da gatazka politikoaren biktima guztien aitortza, salbuespenik gabe. Sufrimendua eta biktimen arteko kategorizazioa, ez ikusiarena egitea edo mespretxatzea, borondate ezaz kutsatua dagoen konponbidearen bideari traba bat gehiago ezartzea da. Bakea eta bizikidetza egoera egonkor batetik eraikitzeko memoria inklusibo, garden eta argia izan behar du. Iruzur, gordetze edo bigarren irakurketarik gabeko memoria integrala. Euskal gizarteak gertatu dena berriro errepika ez dadin adierazten duen borondatea, gurearekin batera, salbuespen espetxe politikak eragindako 16 heriotza biktimen aitortza exijitzen du.

Dispertsio politikak eragin dituen 16 heriotza biktimen memoria eta aitortza aldarrikatzen dugu, haiek toki eta egoera horietan egotera behartu zituzten salbuespenak dispertsioak eragin baitzituen. Ez zuten bertan egon behar, ez zuten bidaiarik egin behar, ez zuten beharrezkoak ez ziren arriskuak hartu behar; baina bisita eskubidea bermatu ahal izateko dispertsio politikak ezarri zien salneurri eta bidesaria izan zen. Beraien heriotzak guztioi ezarri zaigun sufrimenduaren ondorio dira. Arrazoi horregatik, eskubide osoz, beraien memoria eta aitortza aldarrikatzen dugu.