Iraileko epaiketaren aurrean, gure elkartasuna Etxerateko bi kideentzat eta gainontzeko auziperatu eta haien familientzat

ETXERAT (2019-IV-12) Etxerat elkarteko bi kide eta beste 45 euskal herritarren aurkako epaiketaren inguruan:

Lehenik eta behin, Etxerateko kide diren Izaskun Abaigar eta Nagore López de Luzuriagari gure elkartasuna helarazi nahi diegu, elkarrekin ordu asko lanean igaro baititugu. Beraiei esker gure egoerak eskatzen zuen asistentzia, euskarria eta orientazioa uneoro bermatuak izan ditugula adierazi nahi dugu euskal preso, iheslari eta deportatuen senide eta lagunok. Beraiek burututako lanaren inguruan ezingo digutela ziririk sartu azpimarratu nahi dugu.

Jakin badakigu; atxiloketa hauek eta ondorengo prozesaketaren arrazoi bakarra, euskal gizarteak aurrera eraman nahi duen bake eta konponbidearen prozesua geldiaraztea dela, izan ere, garai hartan gobernuan zegoen PPren nahia zen; “dena ETA da” kontzeptua aitzaki ezin hobea zelarik.

Asko sentitzen dugu euskal gizarteak oztopo eta zailtasunei aurre egin behar izateak, bake eta konponbidearen prozesuarekin jarraitu ahal izateko, baina ziur gaude, guztion aktibazioak prozesu hau aurrera eramango duela.

Gure elkartasuna auziperatu guztiengana helarazi nahi dugu, beraiek izan baitira errepresaliatuei eta haien familiei aholkularitza juridikoa bermatu, mediku-arreta eman eta elkartasuna aktibatu dituztenak. 47 auziperatuentzat eta haien familientzat doa gure babes eta maitasun guztia.

Inprimatu