Urteko seigarren istripua euskal preso politikoen senide eta lagunentzat

ETXERAT (2019-VI-01). Aitzol Iriondo euskal preso politikoaren hiru lagunek estatu frantsesean dagoen Moulins-Yzeure-ko espetxera bidean kotxe istripua izan zuten; Lasartetik, bere etxetik, 808 kilometrotara. 

Gaueko 21:30ak aldera gertatu zen ezbeharra, Montluçon inguruan, Euskal Herritik 620 kilometrotara, kamioi bat aurreratzen ari zirela animalia bat gurutzatu zitzaien. Kaltetuak lanaldia bukatu eta segidan bidean jarri ziren, bost ordu eta erdi zeramatzaten bidaian eta ordu bat besterik ez zitzaien falta iristeko.

Kolpearen eraginez kotxearen aurreko zatia, kopilotoaren aldeko atea eta faroen kristalak hondatu ziren. Zorionez, gidariak etzuen kotxearen kontrola galdu. Kolpearen kalteak eta urduritasuna handia izan arren, euskal presoaren lagunek bidaian jarraitu zuten bisita egin ahal izateko.

Ekaina hasi berri da eta dispertsio politikaren eraginez euskal preso politikoen senide eta lagunek jasaten dituzten arriskuen ondorioen urteko lehen seihilekoaren balalantzea hauxe da: euskal preso politikoen 13 senide eta lagun, haien artean 23 hilabeteko haur bat, kaltetuak izan dira 6 istripuetan, bisita egiteko joan edo etorrian. Zorionez eraginez ondorioak ez dira larriagoak edo itzulezinak izan.

Etxerat elkarteak gertakari hau salatu nahi du, gaur egun oraindik euskal preso politikoen senide eta lagunen kontrako mendeku eta txantaian oinarritutako politika martxan egotea onartezina delako, 400 istripu eragin dituenak, 1000 lagun eta senide inguru larriki zaurituak, 16 hildako eta euskal gizartearen sektore zabal bat biktima potentzial bihurtuz.

Etxerat elkarteak euskal gizarteari, eragile eta erakunde ezberdinei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die, dispertsioarekin behingoz amaitu arte. Ezbeharra salatzeko elkarretaratzeak deitzen ditugu Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan:

- IRUÑEA, hilak 3, astelehena 20:00etan Gobernu Zibilaren aurrean
- BILBO, hilak 4, asteartea 19:30etan Arriaga Plazan
- GASTEIZ, hilak 4, asteartea, 19:30etan Ama Zuria Enparantzan
- DONOSTIA, hilak 5, asteazkena 19:00tan Bulebarrean, Udaletxe ondoan.

Etxerat

Inprimatu