Azken bost egunetan hiru euskal preso politikoen senideei bisitak ukatu dizkiete

ETXERAT (2019-VIII-29) Azken bost egun hauetan hiru euskal preso politiken senide eta lagunei bisita egitea ukatu diete, ehunka kilometro bidaiatu ondoren kartzelara iristeko.

Atzo, abuztuaren 28an, Logroñoko espetxean(joan eta etorrian 280km-ko bidaia) Santi Aragon euskal preso politikoaren aita (84 urte) bisitarik gabe geratu zen, hilabete batzuk lehenago emandako egoera bat errepikatu ondoren. Aurreko aldi hartan drogen kontroleko txakur batek “markatu” zuen presoaren aita eta katxeatu beharko zutela esan zioten. Santiren aitak ez zuen oztoporik jarri katxeoa burutzeko, baina erabat biluztea derrigortu zuten eta bata bat eman arren, jokaera iraingarria izan zen hura, ez baitziren bere duintasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatu, ezta “katxeo integralen” inguruan espetxeak ezarritako legedia ere ez. Katxeoaren emaitza negatiboa izan zen. Atzo egoera hau berriz errepikatu zen, txakur bera eta guardia zibil berarekin, baita katxeo eskaera ere. Egoera iraingarria eta aurreko aldiko urduritasuna berriz ere jasateko prest ez zegoenez, euskal preso politikoaren aitari bisita ukatu zioten. Santi Aragonek 18 urte daramatza espetxean, eta azken 8 urteak Logroñoko espetxean, urte guzti hauetan ez du inolako arazorik eman eta gutxiago drogarekin zer ikustekorik duenik, jokaera desproportzionatu hau justifikatu ahal izateko.

Bestetik, hilaren 24an Imanol Minerren senideak (Granadako espetxea,1.680 Km-ko bidaia joan eta etorrian) izan ziren bisitarik gabe geratu zirenak, funtzionarioen arabera, haietako batek sartzeko baimenik ez zuelako. Egun berean, Txuma Altableren senide bat (Castelloko espetxea, 1.100 Km-ko bidaia joan eta etorrian), bisita baino ordu bat lehenago kartzelara iritsi ez zelako bisita ukatu zioten(ordu erdi lehenago iritsi zen, beti bezala).

Etxerat Elkarteak euskal preso politikoen senide eta lagunek jasaten dituzten egoerak salatu nahi ditu. Askotan, batez ere presoen gurasoak direnean, adinez nagusiak diren pertsonak dira, osasun edo mugikortasun arazoak dituztenak, bidai luzeak egitera beharturik daudenak eta gainera bisita egin ahalko dutenaren ziurtasunik gabe.

Espetxe politikak senideei eragindako kaltea indarrean jarraitzeaz gain oso erraz handitu daiteke ematen den arbitrariotasuna eta ziurtasun faltarengatik. Etxerat elkarteak euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizazioetan parte har dezan, behingoz denon artean egungo espetxe politika eta honek sortzen duen sufrimenduarekin amaitzeko helburuarekin.

Inprimatu