Izan Kuotakide!  Diru Laguntza!  Izan Boluntario!  Etxerat Denda

ALBISTEAK
NOTICIAS
NOUVELLES

Rafa Isasirekin elkarrizketa: Presoen senideen oinazea ukatua eta ezkutatua izan da

rafa.jpg

ETXERAT (2019-XI-22). Hemen duzue Rafa Isasiri Berriak eginiko elkarrizketa.

Pili Arzuaga eta Fontso Isasi 1990eko uztailaren 1ean hil ziren, auto istripuan, Puebla de Sanabria inguruan (Zamora, Espainia) Ourenseko espetxetik (Galiza) zetozela. Arzuagak han zuen preso alaba, Maribi Ramila. Hamasei dira sakabanaketaren ondorioz auto istripuz hildako senide eta lagunak.

Urte askoan senideek pairatutakoa azalera ekartzeko, ekitaldi bat egingo du Etxerat-ek bihar, Gernikan. Fontso Isasi zenaren anaia Rafa Isasik (Arespalditza, Araba, 1961) dioenez, sufrimendu hori «ukatuta eta ezkutatuta» egon da behin baino gehiagotan.

Nola gogoratzen duzu 1990eko udako egun hura?

Ni etxean nengoen telefono dei bat jaso nuenean. Esan zidaten Pilik [Arzuaga] eta Fontsok [Isasi] bizia galdu zutela auto istripu batean. Egin nuen lehenengo gauza izan zen gurasoei deitzea, eta etxera etortzeko esan nien, Fontsok istripua izan zuela eta. Aita eta ama etorri zirenean kontatu nien gertatutakoa; ez zen telefonoz azaltzeko moduko kontua.

Fontso joan zen kartzelara Pilik alaba ikusi nahi zuelako. Orduan sakabanaketak ez zeraman denbora luzerik, baina herrian jendea hasia zen antolatzen, senideei laguntzeko. Badakit Fontsok atseden hartu zuela autoa hartu aurretik.

Garai hartan egon zen instituzioen aldetik elkartasun keinuren bat zuekin?

Ez. Gogoratzen dut urruntzearen eta sakabanatzearen kontrako mozioa aurkeztu zela Laudioko Udalean, ez dut gogoratzen zein terminotan. Baina politikari gehienen iritzia zen gure senideak trafiko istripu arrunt batean hil zirela.

Zuek ez duzue horrela ikusten.

Erabaki politiko bat egon da horren atzean: presoen urruntzea. Nik pentsatzen dut garai hartan urruntzea ez zela bideratu senideei mina egiteko helburuz. Nire ustez, helburua gehiago zen presoen bakartzea areagotzea: preso gehienak lehen graduan zeuden, eta senide eta lagunekin zuten harreman hori moztuz gero, are gogorragoa izango zen haien egoera. Baina erabaki horrek, jakina, beste ondorio bat ere izan du: alegia, senide eta lagunak milaka eta milaka kilometro egitera behartu dituztela, horrek dakarren guztiarekin: eragina umeengan eta adinekoengan, gastu ekonomikoa eta abar.

Beraz, zure ustez, sakabanaketaren ondorioz hildako hamasei senideak ere biktimatzat jo behar dira?

Jakina. Pili eta Fontso gure herriak izan duen gatazka horren beste biktima batzuk dira. Sakabanaketak eragindako mina aldarrikatuko dugu, eta biktimak onartuak izatea. Piliren delitu bakarra izan da maite zuen alabarekin egon nahi izatea, eta Fontsorena, berriz, asmo horretan laguntzea eta bidaia posible egitea. Delitu horrengatik jaso dute zigorra: bizia galtzea errepidean etxetik ehunka kilometrora.

Baina, hala ere, bada biktima izaera ukatzen dienik.

Hori, nire ustez, errealitatea ukatzea da, horren aurrean itsu egon nahi izatea. Pilik eta Fontsok istripua izan zuten 600 bat kilometrora dagoen kartzela batera joan behar izan zutelako, eta ez haiek hala erabakita. Nik badakit Pili eta Fontsoren heriotzan ez zuela inork zuzenean parte hartu, ez dagoela hiltzaile jakinik, baina erabaki politiko batek bideratu eta ahalbidetu zuen hori eta beste hamalau senideren heriotza.

Zuek pairatu duzuen sufrimendua ostendurik egon dela uste al duzu?

Dudarik ez. Baina hori asko aldatu da. Herri honek bizi izan duen gatazkaren garairik txarrenetan, sufrimendu hori ez da ikusi nahi izan; baztertuta, ezkutatuta eta ukatuta egon da. Baina uste dut azken urteotan mugimenduak egon direla; indar politikoek ikusi dute sufrimendu hori ez dela bidezkoa. Niretzat, egoera nolakoa zen baino garrantzitsuagoa da orain nolakoa den, eta orain parlamentuetan ikusten dugu indar politiko gehienek babesten dutela espetxe politika anker hori bertan behera uzteko beharra, mugimendu sindikalak ere bai, eta, oro har, gizartean gauzak asko aldatu dira, nahiz eta, sakabanaketa amaitzeko, oraindik gehiago aldatu beharko duten.

Gatazkaren ondorioez hitz egiten denean, iragana aipatzen da sarri. Baina presoen senideen sufrimenduaz ari garelarik, oraingoz ez dago esaterik hura iraganeko kontua dela. Zer pentsatzen duzu horretaz?

Herri honetan hainbat aldaketa egon dira. Duela hamar urte eten zen borroka armatua, armak eman zituzten, badago ETAren erabaki bat oso argia, ustez erakunde horretako kideak zirenek urratsak egin dituzte, ezker abertzaleak onartu egin du sortutako mina eta abar. Baina senideek eta lagunek zigortuta jarraitzen dute, eta oraindik ere ostiralero hainbat eta hainbat senidek bidaiari ekiten diote. Aurten dozena bat istripu egon dira, eta, zorionez, ez da ezer larririk gertatu, baina albiste txarra edozein momentutan irits daiteke. Bada sakabanaketa bertan behera uzteko garaia.

Zer-nolako aitortza nahi duzue zuen senideentzat?

Nik uste dut lehentasuna dela sakabanaketa amaitzea, eta hildako horiek biktimak izan direla aitortzeak, dudarik gabe, ekarriko luke sakabanaketa amaitzea, ezinezkoa litzatekeelako neurri horri eustea onartzen badute politika horrek hildakoak eragin dituela. Guretzat, sakabanaketa amaitzea izango litzateke gure senideentzako aitortzarik onena.

Larunbatean ekitaldia egingo du Etxerat-ek Gernikan.

Hala da. Guk, senide gisa, gonbidapena jaso dugu, eta han egoteko asmoa dugu. Badakigu indar politiko nagusietako, sindikatuetako eta herri mugimendu askotako jendeak babesa emango digula, eta aukera ona izango da berriro ere gure aldarrikapenak plazaratzeko.

InprimatuPosta elektronikoa

 

 Cookies Politika  Pribatutasun Politika

 

ARABA
Gasteiz
Kutxa kalea 7
Tel. 945 123 238
C.P. 01012   Gasteiz
BIZKAIA
Bilbo
Sarrikoalde, 3 behea
Tel. 690 622 598
C.P. 48015   Bilbo 
GIPUZKOA
Hernani
Kale Nagusia 1, Erdia
Tel: 943 335 900
C.P. 20120  Hernani 
NAFARROA
Iruñea
Nabarreria kalea 15 2º Ezk
Tel: 948 227 054
C.P. 31001  Iruña 
Asistencia Familiares y Amigos
Estado Español
943 335 900
Estado Francés
943 333 061
Coordinación
943 335 044 
Casino sites http://gbetting.co.uk/casino with welcome bonuses.