Izan Kuotakide!  Diru Laguntza!  Izan Boluntario!  Etxerat Denda

ALBISTEAK
NOTICIAS
NOUVELLES

Espainiar espetxeetarako deskonfinamendu plan bat proposatu dugu hainbat erakundek

ETXERAT (2020-V-13). Espetxetan Covid-19 virusak izan duen eragina gutxiagotzeko kudeaketan Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak (aurrerantzean EEINa) hainbat neurri hartu ditu espetxe departamentuetan, helburu nagusia kartzeletako populazioa murriztu eta kanpoko jendearekiko lotura, batez ere senide hurbileenekiko lotura mantentzeko. Martxoaren 10an onartu eta aurrera eraman ziren lehen neurriak: Logroño, Araba eta Madrilen kokaturiko espetxe zentroak isolatu, sarrerak eta irteerak debekatu, ia jarduera gehienak zein senide eta lagunen bisitak bertan behera utziz. Martxoaren 12an espainiar Estatuan estatu alarma egoera onartu baino egun batzuk lehenago, Barne Ministeritzak Estatuko Administrazio Orokorraren mende dauden espetxe departamentu guztietara zabaldu zuen isolamendua ezartzearen neurria.

Gure aldetik, pertsona presoen eskubideak eta giza eskubide orokorrak defendatzen ditugun entitateok honako hau azpimarratu dugu: askatasunaz gabetuak dauden pertsonen eskubideak jarri behar dira erdigunean krisialdi hau kudeatzeko, pertsona horien eta euren familien bizitzarako eta osasunerako ondorio larriak ekiditeko. Horrela, martxoaren 10ean dozena bat kolektibok Estatuko Herri Defendatzaileari eskatzen genion azter zitzala EEINak hartutako neurriak; eskabide hori bera egin zitzaion autonomietako hainbat herri defendatzaileri ere. Eskaera idatzi horren ondoren beste idatzi batzuk egin zitzaizkien EEINari berari, Barne Ministroari, Diputatuen Kongresuari eta Europako Legebiltzarrari. Autonomietako parlamentuen Barne Komisioari eta Justiziako Komisioari ere idatzi zitzaien. Idatzi horietan guztietan eskatzen zitzaien pertsona presoen oinarrizko eskubideak zaintzeko premiazko neurriak har zitzatela.

Gizarte zibilak egindako presio iraunkorrari esker, EEINa neurri batzuk hartzen joan da; neurri horiek printzipioz ongi hartuak izan badira ere, berandu hartuak eta urriak izan dira gizarte entitateen iritziz. Nahi genuen eraginik ez dute izan pertsona presoengan eta haien familietan, etengabe kexatzen baitira horiek informazio gabeziagatik eta horrek sortzen duen ziurtasun gabeziagatik, herstura sentipena gehituz. Gainera, neurri horien eraginkortasuna aldatzen joan da erreferentziazko espetxe zentroaren arabera. Gaur egun planteatu beharra dago zer neurri hartu behar diren espetxeek deskonfinatzea aurrera eraman dezaten eta “normaltasunera” itzul daitezen. Komeni da kontuan hartzea alarma egoera erretiratzeak ez duela esan nahi beste neurri batzuk hartu behar ez direnik, koronabirusari aurre egiten jarraitzeko eta haren arriskuak gutxiagotzeko; are gehiago, pertsona kopuru handia dagoen leku itxietan, hala nola, espetxeetan.

Astebete baino gehiago igaro da Gobernu Zentralak deskonfinatzea egiteko faseak onartu zituenetik, baina oraindik ez da argitaratu inolako berariazko informaziorik, espetxe zentroetan deskonfinatze hori nola egingo den zehazten duenik. Hori dela eta askatasunaz gabetuak dauden pertsonen eskubideak defendatzen lan egiten dugunok eskaera hau egiten diogu Barne Ministerioko Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiari: pertsona presoen eskubideak eta beharrak erdigunean jartzen dituen deseskalatze egitasmo bat onar dezala.

Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko espetxeetan deseskalatze egitasmo baterako proposamenak:

1.- Hirugarren graduei eutsi, kontrol telematiko, telefoniko edo pertsonalarekin

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Goi Komisioko kide den Michelle Bachelet-ek gomendio hau egin zien Estatuei 2020ko martxoaren 25ean: har zitzatela premiazko neurriak askatasunaz gabetuak dauden pertsonen osasuna eta segurtasuna babesteko eta, helburu horrekin, espetxeetako populazioa murriztu zedila. Zentzu horretan, kontuan hartuta azken hilabeteetan Covid-19aren kutsatzeek bere horretan jarraitu dutela, neurri horri ere eutsi egin behar zaio ahal den denborarik luzeenean. Era berean, kontuan eduki behar da neurria eraginkorra izan dela eta emaitza onak eman dituela, bai espetxeetako administrazioarentzat, bai askatasunaz gabetuak dauden pertsonentzat eta haien familientzat. Era berean, segidako baimenen pilatzeagatik hirugarren graduan dauden pertsonen kasuan, baimen horiek ezin dira inolaz ere galdutzat eman urte honetan gelditzen den denborarako. Azkenik, beharrezkoa da neurri horiek berak aplikatzea oraindik Gizarteratzeko Zentroen (GZ) barnean egon daitezkeen pertsonei.

2.- Zigorra askatasunean edo erdi askatasunean betetzea indartu eta ziurtatuko duten neurri gehiago

Erregimen irekirako eta etxeko atxiloketa-aldirako baimena ematera zuzendutako neurriak modu orokorrean hartzea beharrezkoa da, honako pertsona hauentzat: Espetxe Araudiko (EA) 100.2 artikuluaren erregimenean dauden pertsonentzat, 65 urtetik gorakoentzat, haurdun dauden emakumeentzat, espetxe barnean haurrak dituzten amentzat eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat. Era berean, neurri horiek beste kolektibo batzuetara ere hedatzea aholkatzen dugu, hala nola, gaixotasun kronikorik eduki ez arren, koronabirusaren aurrean arrisku handiko pairamenak dituztenengana. Horiek denak arrisku taldeak dira edo Covid-19a kutsatzeko zaurgarritasun bereziko taldeak, finkatu diren irizpide medikuen arabera; beraz, beharrezkoa da guztiak bereziki zaintzea. Pertsona horiek espetxetik ateratzeak espetxeetako populazioa maila apalagoetara mugatzen du; beraz, garrantzitsua da neurri horiek sustatzea, pertsona preso gehiagorengana hel daitezen eta maila seguruagoetara muga daitezen.

3.- Hirugarren gradura progresatzeko baimenak eman zigor laburreko pertsonei edo konfinamendu aurretik baimenaz baliatzen zirenei eta zigorraren 3/4ak beteak dituztenei.

Zigor laburrak dituzten pertsonak edo alarma egoera adierazi baino lehen jadanik askatasun baimena zutenak aske utzi behar dira, 86.4 RP artikuluko hirugarren gradura progresatuz. Zentzu berean jokatu behar da zigorraren 3/4ak beteak dituzten pertsonekin, baldintzapeko askatasunaren proposamena Espetxe Zaintzako Epaitegira (EZE) bideratuz. Era berean, askatasunaz gabetzeko neurri alternatiboak aztertu eta aplikatu behar dira zaurgarritasun bereziko beste egoera batzuetan: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsona presoak, droga-mendekotasuna duten pertsonak, kanpoan familiako erantzukizunak dituztenak… Ahal denik eta pertsona presoen kopuru handienarentzat espetxez kanpoko baliabideak prestatu eta erabili behar dira. Era berean, eskatzen dugu, alarma egoeraren aurretik 100.2 erregimenean aurkitzen ziren pertsonek berriro irten behar dutela, hirugarren gradu telematikora progresatuta.

4.- Espetxeko bizitza normalizatzeko prozesua abiatzeko jarduerak berraktibatzea.

Espetxean berriro berreskuratu behar dira jarduera hauek: tratamendukoak, prestakuntzakoak, kanpoko baliabideetara bideratu behar direnak, aisialdikoak…; jarduera horiei esker betetzen baita askatasuna kentzen duen zigorraren agindu konstituzionala: pertsona presoen birsozializatzea eta birgizarteratzea. Talde handitan egiten diren jardueretan taldeak azpitaldeetan zatitzea proposatzen da, segurtasun distantziak gorde ahal izateko, Osasun Sailak ezarritako irizpideen arabera. Edozein kasutan, jarduerak errazteko bitartekoak eta baliabideak eduki beharra dago. Zentzu honetan ezinbestekoa da:

a. Tratamendu bilerak egiteko legezko erritmoa berreskuratzea eta, horren bidez, pertsona presoak sailkatzeari, baimenak eta irteera programatuak emateari buruzko akordioetara heltzea.

b. Espetxez kanpora ezartzen diren jarraibide eta estandarren arabera, egokiak diren segurtasun neurriak jarraituz tratamendu, okupazio, kirol, lan eta beste edozein motatako jarduerak berreskuratu Espetxe Zentroetan, lankide diren profesionalei eta monitoreei sartzen utziz. Moduluen isolatzeari amaiera eman eta instalazio komunetako jarduerak (eremu soziokulturala, polideportiboa; ikastaroak…) berreskuratu.

c. Osasun publikoa zaintzeko beharrezkoak diren neurriekin espetxez kanpokoak diren Gobernuz Kanpoko Erakundeetako (GKE) kideei espetxe zentroetara sartzen utzi berriro ere eta preso dauden pertsonekin mintzategian elkarrizketak egiteko aukera eman.

d. Osasun segurtasunerako neurri egokiekin, Espetxeetako Orientabide Juridikorako Zerbitzuak (EOJZ) berreskuratu, aurrez-aurreko moduan.

5.- Askatasunaz gabetuak dauden pertsonen senitarteko eta adiskideen bideo-deiei eustea

Espetxeetan kanpokoekin harremanak izateko neurri murriztaileak aplikatu diren hilabeteetan bideo-deiak bitarteko egokiak izan dira askatasunaz gabetuak daudenen eta haien senitartekoen arteko loturak bermatzeko. Hala ere, beharrezkoa da, alde batetik, eskuerara dauden mugikor eta aparailuak askoz gehiago izatea eta, bestetik, bideo-deien denbora-tartea gehitzea, batez ere, elkarrizketak aurrez-aurre egin ezin diren bitartean. Gainera, bermatu egin behar da bideo-dei horiek doan izatea. Bestalde, pertsona presoen senitartekoek behin eta berriro eskatzen duten moduan, beharrezkoa da lan egitea, deien pribatutasun maila gehitzeko. Edozein kasutan, bideo-deiekin jarraitzeak kontaktu horiek errazten jarraitu behar du, espetxeetako normaltasuna berreskura dadinean, batez ere motiboren batengatik espetxe zentroetara bisitak egiteko zailtasunak dituzten familiengatik.

6. Konfinamendu garaian adostutako deiei eta ohizkanpoko deiei eutsi, familiekiko eta hurbileko pertsonekiko kontaktuak maiztasun gehiagoz egin ahal izango direla eta atzera inor ez dela geldituko bermatzeko. Beharrezkoa da deien doakotasuna bermatzea.

7.- Bisitak berrezartzea. Ezinbestekoa da espetxean senitartekoen bisitak progresiboki berrezartzeko egitasmoa landu eta aurrera eramatea. Hori egungo osasun egoerari dagokion moduan gauzatu ahal izateko, proposamen hauek egiten ditugu:

a. Senitartekoen bisita egunak gehiagotu daitezela, espetxe zentroen sarreretan zain jarrita pertsona gehiegi egon ez daitezen. Pertsona presoek beren senitartekoak ikusi eta haiekin hitz egin ahal izateko duten eskubidea bateragarri bihurtu behar da pertsona gehiegi ez pilatzearekin. Era berean, uste dugu egokia izan litekeela berrezartze progresibo bat egitea, bi asteko faseetan banatuta, honako honetan ikusten den moduan:

  • 1 fasea: mintzategian gehienez ere bi pertsona helduren (edo pertsona heldu baten eta 2 adin txikikoren) bisitak.
  • 2 fasea: mintzategian ohiko bisitak berrezarri.
  • 3 fasea: aurrez-aurreko bisitak berrezarri.

b. Senitartekoei eta hurbileko pertsonei baimendu dakiela espetxe zentroetan (probintzia barnean nahiz probintziatik kanpora daudenetan) bisitak egiteko lekualdatzea eta, edozein kasutan, polizia gorputzekin koordinazioa egon dadila espetxe zentroetara bisitak egitera doazen pertsonei isunak jartzea ekiditeko. Gainera, kontuan eduki behar da honako hau: Espetxeetako Araudiak ezartzen badu ere pertsona presoek sustraiak dituzten tokian bete behar dutela zigorra, praktikan errealitatea oso bestelakoa da. Norberak sustraiak dituen lekutik kanpora dagoen espetxe batean zigorra betetzen egotea espetxetik ateratzeko arrazoia ez bada ere, kontuan hartu beharreko egoera da, hartu diren neurriek eta hartuko direnek pertsona horiengan izango duten eraginari begira. Horregatik, beharrezko neurriak har daitezela gomendatzen dugu, nahi duten pertsona guztiak beren jaiotetxetik hurbileko espetxera lekualdatuak izan daitezen zigorra betetzera.           

8- Baimen eta irteera programatuak berrezartzea. Baimenei eta irteera programatuei berriro eman behar zaie hasiera, tratamendu orokorraren barnean duten garrantziagatik eta espetxe-onurak baliatu ahal izateko. Osasun publikoaren arrazoiengatik tratamenduko jarduerak orokorrean murrizteak edo mugatzeak, ahal den kalterik txikiena egin behar dio espetxe-onurak lortu ahal izateari.

9.- Pertsona presoek tratamendu jardueretan eta programetan esku-hartu ahal izan ez duten denboraldia konpentsatzeko neurriak aztertzea, horrek ziurtatzen baitu askatasunaz gabetzen duen zigorraren helburuak zentzu positibo bat izatea. Zentzu horretan azter daitezke honako formula hauek: hirugarren gradurako sarrera edo baldintzapeko askatasun aurreratua, edo zigor denbora murriztea.

10.- Askatasuna kenduta egonik, Covid-19aren aurkako antigorputzak garatu dituzten pertsonen ehunekoa balioetsiko duen seroprebalentziaren azterketa.

Sinatzaileak:

Altsasu Gurasoak,

Asociación Libre de Abogadas y Abogados,

Asociación Libre de Abogadas y Abogados de Zaragoza,

Asociación Pro Derechos Humanos de Andalucía (APDHA),

Centre Irídia,

Comisión de Asesoramento Xurídico Penitenciario de Ourense,

Comision Legal Sol,

Etxerat,

Grupo Derechos Civiles 15-M Zaragoza,

Ilustre Colexio da Avogacía de Ourense,

Observatorio del Sistema Penal y los Derechos Humanos de la Universidad de Barcelona, Oteando,

Red Jurídica,

Salhaketa Araba,

Salhaketa Bizkaia,

Salhaketa Nafarroa,

Sare Herritararra–Red ciudadana Sare

InprimatuPosta elektronikoa

 

 Cookies Politika  Pribatutasun Politika

 

ARABA
Gasteiz
Kutxa kalea 7
Tel. 945 123 238
C.P. 01012   Gasteiz
BIZKAIA
Bilbo
Sarrikoalde, 3 behea
Tel. 690 622 598
C.P. 48015   Bilbo 
GIPUZKOA
Hernani
Kale Nagusia 1, Erdia
Tel: 943 335 900
C.P. 20120  Hernani 
NAFARROA
Iruñea
Nabarreria kalea 15 2º Ezk
Tel: 948 227 054
C.P. 31001  Iruña 
Asistencia Familiares y Amigos
Estado Español
943 335 900
Estado Francés
943 333 061
Coordinación
943 335 044 
Casino sites http://gbetting.co.uk/casino with welcome bonuses.