Bake Bideak eta Bake Artisauek Donibane-Lohitzunen biziarteko zigorren aurka deitutako mobilizazioarekin bat egiten dugu

kartela.jpg

ETXERAT (2020-VI-24). Bihar, hilak 25, Jakes Esnal euskal preso politikoaren baldintzapeko askatasunaren aurka fiskaltzak jarritako errekurtsoa aztertuko du Dei Auzitegiak. Bost aste igaro beharko dira deliberioa jaso ahal izateko.

Hasiera batean, baldintzapeko askatasun eskaria onartu egin zuen epaileak ezohiko izan zen auto juridiko batetan. Idazki horretan Euskal Herrian abiatutako bake prozesuan kokatzen da erabakia eta, aldi berean, 30 urte espetxean daraman Jakes Esnalen auzia espainiar estatuan irudikatuko bagenu, aske egongo litzakela aipatzen du. Hala ere, bere 31. espetxe urtean sartuta, fiskaltzak eragindako blokeo sistematikoak heriotzera arte iraun dezakeen kondena ezartzen du preso zein senideengan.

Preso lohizundarrak 69 urte beteak ditu eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintza guztiak aspaldidanik beteak ditu. Azken urteotan, ordea, hainbat presori gertatu bezala (Xistor Haranburu, Ion Kepa Parot, Lorentxa Beyrie edo Ibon Fernandez Iradi), antiterrorismo ataleko fiskaltzak blokeatu egin ditu askatasun eskari guztiak. Halaber, Covid-19 gaixotasunaren baitan sortutako krisi sanitarioaren barruan Frantziako estatuak espetxeen baitan hartutako erabakietatik at izan ditu euskal preso politikoak, zaurgarri direnen berehalako askatasuna arbuiatuz.

Justizia ez da mendekua, ez xantaia, ezta interes politikoen baitako tresna. Ez luke behar behintzat. Euskal gizartearen gehiengoak urte luzez aldarrikatzen du konponbidearen bidean urrats sendoak eta, erabaki hauek dira, aurrerapausorik ez ematea behartzen dutenak. Jarrera inmobilista hauek salatzen ditugu, atzera egiten diguten jarreren eta erabakien amaiera behar dugu.

Amaituz, datorren larunbatean, ekainaren 25ean, Bake Bideak eta Bake Artisauek Donibane-Lohitzunen egingo duten mobilizaziora parte hartzeko deia lutzatzen dugu. Hitzordua goizeko 10:30ean izango da herriko geltoki ondoan eta, giza-katea, 11:00etan egingo da Donibane-Lohitzune eta Ziburu herriak batzen dituen zubian. Bakoitxari bere kazola ekartzea eskatzen diote.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

Inprimatu