Izan Kuotakide!  Diru Laguntza!  Izan Boluntario!  Etxerat Denda

ALBISTEAK
NOTICIAS
NOUVELLES

Elkarrizketa Cordoban isolamenduan egondakoei: «Isolamendutik ateratzea urratsa da baina arazoa lehenengo gradua da, horrekin amaitu beharra dugu»

prision-cordoba-inst-penitenciarias.jpg

ETXERAT (2020-XI-9). Oskar Calabozo pasa den martxoaren 22an aske gelditu zen espetxean 18 urte bete ostean; Iñaki Alonso, abuztuaren 26an, 25 urteko kartzelaldia beteta; eta Ibon Muñoa, urriaren 11an, 20 urte ondoren. Hiruak Cordobako espetxetik atera dira isolamendu moduluak atzean utzita. Hau da joan zen igandean "Gara"k eta "Naiz"ek publikatutako elkarrizketa.

Cordobako isolamendu moduluelatik askatasunera. Oskar Calabozo, Iñaki Alonso eta Ibon Muñoa dira, kalera atera berriak. Ostiralean baieztatu zen euskal preso batzuk isolamendutik atera dituztela, 33 urteko joera aldatzeko urratsa emanez, eta zertaz ari garena adierazteko emateko oso egokiak dira beren ahotsak, beren lekukotasunak.

Pandemiak ezarritako mugikortasun murriztapenak direla eta, elkarrizketa skype bitartez egina da, bakoitza bere herritik eta etxetik. Mahai gainean, hamarkada luzez euskal presoek pairatutako errealitate ilun eta gordina: isolamendu moduluak, kartzela bat kartzelaren baitan. Calabozo ia hamar urte egon zen horietako batean, Alonso hamaika urte, eta Muñoa azken sei urteak eta bederatzi hilabete, bai eta aurretik beste urtebete eta erdi ere. Une honetan, Cordoban ez dago euskal presorik isolamendu moduluetan, azkenik. Beste batzuk, ordea, hor segitzen dute beste espetxe pare batean.

Hainbat kartzeletan euskal presoak modulo horietatik ateratzen hasi izana «garrantzitsu»tzat jotzen dute, baina haratago joatea eskatzen dute: Lehenenengo graduarekin amaitzea, hori mantentzeko «argudio guztiak politikoak direlako», eta erabakiak zentralizatzea, espetxe bakoitzeko Tratamendu Batzordearen esku egon ez daitezen. Era berean, gizarteari kaleetan mobilizatzeko deia luzatzen diote, konponbideak errazte aldera.

Nola deskribatuko zenukete isolamendu modulu bat?

Ibon Muñoa: Kartzela bat beste baten barruan da. Bizi baldintzak murritzagoak dira eta disziplina gogorragoa da. Arkitektura aldetik ere desberdinak dira, patioak txikiagoak, ziegak ilunagoak…

Iñaki Alonso: Horretan datza, murrizketa bat bestearen ondotik. Modulo hauek gehienez hamalau eguneko zigorra betetzeko dira, ez daude bizitza arrunta egiteko prestatuta. Euskal preso politikoak, ordea, urteak eta urteak egon gara horietan, gehienbat Cordoban, Huelvan, Moronen eta Estremeran. Hamarkada luzez eta inolako arrazoirik gabe, zigor erantsi bat ordaintzen egon gara Madrilen norbaitek hala erabaki zuelako. Ibon, Oskar eta ni Cordobara bidali beharrean beste kartzela batetara eraman izan bagintuzte, lehenengo graduan egonik ere, ez ginen isolamenduko moduluetan egongo. Hori salbuespen bat da, zeren erreglamenduak berak dio lehenengo graduan dauden presoak erregimen itxiko moduluetan egon behar direla eta ez isolamendukoetan.

I. M: Aldea ikus dezazun, Puerto I espetxean egon nintzenean, astero zinemara joateko aukera genuen, bost egunez kiroldegira joateko, goizez eta arratsaldez ateratzeko, tailerrak egiteko eta eskolara joateko aukera genuen. Patioan, adibidez, 60 preso geunden, 35x35eko tamaina du. Cordobako isolamendu moduluetan, berriz, 5-6 pertsona ateratzen ginen 25x10 metroko patio batera. Hiru kide batera ateratzen bagina, tira, baina gainontzeko hiruak preso arruntak baziren, giroa okertu zitekeen, zeren maiz isolamendu moduluetan dauden preso arruntak sikiatriko batean egon beharko lukete arrazoi desberdinengatik. Iñaki aske gelditu eta hamar egunetara, hamargarren ziegan zegoen presoa urkatuta topatu zuten zenbaketa egiterakoan.

Oskar Calabozo: Horietan dagoen inpunitatea nabarmendu nahiko nuke ere. Gurekiko ez hainbeste, baina preso arruntekiko jazarpena handia da, jipoi izugarriak egon dira.

I.A: Isolamendu moduluak taifen erreinu txiki bat dira. Ez pentsa hor gertatzen dena espetxeko zuzendariak ere asko kontrolatzen duenik... Hor dauden funtzionarioek neurri handi batean nahi dutena egiten dute, ez dute gustoko zuzendaritzak eskua sartzea.

Nola egiten zaio aurre deskribatu duzuen egoera gordin horri?

O.C: Elkar zaintzen. Hainbeste urte pertsona berdinekin egonda, familia giro bat sortzen da. Norbait gaizki ikusten genuenean, animatzen saiatzen ginen. Han egoteko burua prestatu behar genuela barneratuta genuen. Erresilientzia. Oso garrantzitsua da sortzen diren tentsio uneak kudeatzen eta baretzen jakitea; azken batean, egunero pertsona berdinekin zaude eremu txiki batean, ordutegi berdinekin… eta horrelako momentuak sor daitezke, baina jakin izan dugu horiei aurre egiten.

I.M: Egoerari aurre egiteko beste estrategia bat denbora aprobetxatzea da. Eguna antolatu eta patioan ahalik eta giro onena izaten saiatzea.

I.A: Batetik, dibertsifikazioa oso garrantzitsua da, hau da, gauza bakarra soilik ez egitea, baizik eta eskulanak, ikastea, kirola… aldi berean egitea. Estimulo desberdinak izatea garrantzitsua da fresko mantentzeko. Eta, bestetik, Oskarrek esan duen bezala kideen arteko elkar ulertzea, adiskidetasuna, maitasuna, ezagutza… giza baliabideetan master bat egiten duzu espetxean. Horretarako berezko gaitasunik ez bazenuen ere, bailabide horiek bereganatzen dituzu eta, berezkoak badituzu, indartu egiten dituzu hor barruan. Nolabait esatearren, sikologoak bihurtu gara kartzelan; depresio bat edo antsietate krisialdi bat nola artatu edo eskizofrenia duen batekin nola jokatu ikasi dugu. Isolamendu moduluetan geundenean beti esaten genuen kalean edo beste leku batean egongo ginenean, atzera begiratuz gero eta non egon garen gogoratuta, hotzikara batek gure gorputza astinduko zuela. Bizi izan duguna eta preso arruntengan ikusi duguna izugarria baita.

Zer da gogorrena isolamendu modulu batean, alde arkitektonikoa edo deskribatzen ari zareten giro hori guztia, egun batetik bestera sikologo bihurtu behar izatea?

O.C: Dena nahastu egiten da. Han zaudenean, zure egunerokoaren parte dira bi alde horiek. Edozer gauza egiteko bertan zegoen funtzionarioaren baimena behar genuen, haien menpe zaude. Beti gainean zeuden. Ziegatik ateratzen zinen bakoitzean miaketa, batzuetan lau miaketa telefono dei bat egiteko...

I.M: Alde arkitektonikoak badu eragin oso txarra sikologikoki. Zulo batean bezala zeunden. Bisita bat egitera ateratzen zarenean, bizipoza bat sentitzen duzu, moduluen arteko lorategiak ikusten dituzu, zerua, mendiak urrutira… Egia da pertsonak egoera okerrenetara ere ohitzen garela.

I.A: Interakzio bat da. Ezin izango nuke bata edo bestearekin gelditu.

Hainbeste urteetan isolamendu modulu batean egoteak, zer nolako ondorioak dakartza?

I.M: Ez dago jakiterik, agian ondo zaudela uste duzu, baina albokoak beste zerbait pentsatzen du… Ni momentu honetan ondo sentitzen naiz.

I.A: Nik ere ez dut gauza berezirik nabaritzen. Beno, soilik bat, baina nahiko normala dela iruditzen zait; jende askorekin aldi berean egoteko gaitasuna galdu egiten da. Harremanak poliki-poliki, binaka edo hirunaka izan behar dira, bestela estimulo gehiegi kudeatzeko. Gauza bera merkatalguneekin; hor dauden kolore, argiak, soinuarekin… ez gaude ohitut. Estres pixkat eragiten dizu horrek. 

O.C: Laupabost pertsonekin egotera ohituta, aldi berean hogei bat ikustea arraro egiten zitzaidan.

I.M: Egin zidaten harreran, hainbest jende hurbildu eta batzuei ez niela merezi zuten arreta eman sentitu nuen. Gero konturatzen zara… jo, Mutrikutik etorri da eta bakarrik 15 segundu egon naiz berarekin.

Nola baloratzen duzue Sevillan, Estremeran eta Cordoban jada euskal presorik ez egotea isolamendu moduluetan?

I.A: Positiboa da, bizibaldintzak isolamendu moduluetatik kanpo hobeak direlako, baina ez da nahikoa. Oro har, esango nuke ez duela zentzurik euskal presoak lehenengo graduan egotea, ez isolamendu modulu batean, ez eta erregimen itxiko modulu batean ere. Hor dago gakoa. Positiboa da gutako inor isolamendu moduluetan ez egotea, baina horrekin ez da arazoa konpontzen. Arazoa lehenengo gradua da, ez dizulako bide legala egitea ahalbidetzen, oztopatu egiten dizu.

Kide guztiek, neurri batean edo bestean, eman dituzten urratsekin bigarren graduan egoteko moduan daude, gaur gaurkoz ez dago euskarri legalik jendea lehenengo graduan mantentzeko, eta hala ere oraindik jende asko sailkatuta dago gradu horretan. Guztiak bigarren graduan egotea lortu behar dugu, hortik aurrera bakoitzak nahi duen abiadurarekin bide legala egiteko. Ezin zaigu eskatu bide hori egitea eta, aldi berean, ixtea. Eta guri dagokigunean, egon daitezkeen beldurrak, zalantzak… gainditu eta erabakitako bidea egitea garrantzitsua da, horrela euskal presoak lehenengo graduan dituzten aitzakia horiek indargabetuta geldituko dira erabat.

O.C: Erabat ados. Preso arruntekin alderatuta, kirola egiten dugu, ikasten dugu, ez gara drogatzen, ez gara borroketan sartzen… horrekin berez bigarren gradu batean egon beharko genuke. Baldintza guztiak betetzen dira kartzela politika aldatzeko. Dispertsioa eta lehenengo gradua mantentzeko erabiltzen zituzten aitzakiak ez dute sustengurik egun.

I.M: Gu oso arriskutsuak garela, borrokara itzultzeko aukera handiak ditugula eta halako kontuak, gradu aldaketa ez onartzeko argudio gisa erabiltzen dituzte. Borobil batean sartuta gaude.

I.A: Garrantzitsua da presoak Andaluziatik ateratzea, dispertsio gordinenari amaiera ipini behar zaio. Zer nolako logika dauka presoak han egoteak, han irizpide politiko baten arabera mugitzen direnean? Erabakiak tokian tokiko Tratamendu Batzordeen uzten badira, preso bakoitzari dagozkion erabakiak akabo. Ezin dira espetxeen arabera hartu, erabakiak Madrilen zentralizatu behar dira eta irizpide objetiboak erabili behar dituzte. Gainera, primeran ezagutzen gaituzte, gutako bakoitza ezagutzen dute, hasteko komunikazio guztiak interbenituta ditugulako. Guri buruz duten ezagutza sakonarekin, Kolektibo osoa bigarren graduan egoteko moduan dago, hortik hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna… eskatu ahal izateko.

Pandemiaren erdian aske gelditu zarete hiruok. Nola moldatzen ari zarete?

O.C: Martxoan aske gelditu nintzen, konfinamendua indarrean jarri eta gutxira. Kaleak huts-hutsik. Paper piloa egin behar duzu ateratzen zarenean, Lanbide, Osakidetza… eta guztiak interneten bidez egin behar ziren, agobio bat da. Eskerrak Harrera bezalako elkarte bat dagoela.

I.A: Jakinda zer nolako egoeran atera zen Oskar, ezin nuela ezertaz kexatu pentsatzen nuen. Abuztuan atera nintzen ni, hondartzara joateko aukera eta guzti. Bi hilabete daramatzat kalean baina momentuz ondo moldatzen ari naiz. Orain da momentua, are gehiago pandemia egoera honetan eta Kolektiboak eman dituen urrats guztien ondotik, lehenengo graduarekin eta dispertsioarekin amaitzeko.

I.M: Hiru aste daramatzat kalean. Nigana hurbildu diren guztiak abegikorrak izan dira, elkartasuna adierazi didate.

O.C: Elkartasun hori nik ere sumatu dut, ez bakarrik ezker abertzalearen aldetik. Elkartasun giro hori oso zabala da.

InprimatuPosta elektronikoa

 

 Cookies Politika  Pribatutasun Politika

 

ARABA
Gasteiz
Kutxa kalea 7
Tel. 945 123 238
C.P. 01012   Gasteiz
BIZKAIA
Bilbo
Sarrikoalde, 3 behea
Tel. 690 622 598
C.P. 48015   Bilbo 
GIPUZKOA
Hernani
Kale Nagusia 1, Erdia
Tel: 943 335 900
C.P. 20120  Hernani 
NAFARROA
Iruñea
Nabarreria kalea 15 2º Ezk
Tel: 948 227 054
C.P. 31001  Iruña 
Asistencia Familiares y Amigos
Estado Español
943 335 900
Estado Francés
943 333 061
Coordinación
943 335 044 
Casino sites http://gbetting.co.uk/casino with welcome bonuses.