47ak herrian.jpg

ETXERAT (2019-VI-4). Joan zen larunbatean, ekainak 1, 11/13 auzian epaituko dituzten 47 herritarrok eskainitako agerraldiaren irakurketa:

Irailaren 16an hasiko da Espainiako Entzutegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa. Bost eta sei urte igaro dira atxilotuak izan ginenetik, gutako batzuk espetxeratuak izan ginen, eta denak auziperatuak. Orain 601 urte arteko espetxe zigor eskaera egin du fiskalak gure aurka.

Gure galdera honakoa da: Zer egin dugu espetxe eskaera luze hauek merezi izateko?

-Presoen eta erbesteratuen osasuna artatu dugu. Horretarako mediku eta psikologo sare bat antolatzea, eritasun larriak dituzten preso eta erbesteratuei zuzeneko jarraipena egitea eta egoera hauek gizarteratzea izan da gure lana.

-Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditugu. Horretarako jendarteko sektore zabalekin izan ditugu harremanak, orotariko kolore politikoekin elkartu gara, eta gure aldarrikapenek babes zabala jaso dute.

-Presoen eta erbesteratuen defentsa juridikoa egin dugu, bai epaitegietan eta bai espetxeetan. Horretarako abokatu sare zabala antolatu dugu, ezarritako salbuespeneko legedia behar zen toki guztietan salatuz.

-Presoen eta erbesteratuen senide bezala antolatu gara, ezarri zaigun zigor gehitua arintzeko. Bereziki sakabanaketa politikaren ondorioak gainditzeko lan egin dugu.

-Preso eta erbesteratuentzat bitartekari lanak egin ditugu, hauek ere gizarteko sektore ezberdinekin harremanak izan zitzaten, egunerokotasun politikoari zegozkion beraien ekarpenak egin eta eragile ezberdinenak jaso ahal izateko.

Hau izan da gure lana. Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin. Asko izan du ederretik elkartasun sare honen parte izateak, pertsona bezala hobetu gaitu, eta elkartasunaren balioa gure bizitzen parte egiteak balio izan digu gizartean dauden bestelako injustizia egoerei begiratu eta gure sentitzeko. Asko izan du ederretik zentzu horretan, baina asko izan du minetik ere.

Milaka izan dira azken urteotan elkartasun sare hau posible egin dutenak, eta gurean bezala beste askoren kasuan ere ondorio pertsonal handiak izan ditu konpromiso honi lotu izanak. Garaiak garai eta ezberdintasun ezberdintasun elkartasuna izan da guztiok lotu gaituen haria.

Auzi luze honek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure ingurune hurbilarenak. Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Azpimarratu beharrean gaude egun 38 adingabe ditugula guztira gure zaintzapean, eta pertsona hauen garapen afektibo eta emozionala erabat baldintzatuko lituzkeela gure espetxeratzeak. Egoera gogorra da, ez dugu ukatuko.

Epaiketa honen oinarrian dauden arrazoiak bere horretan diraute 2019. urtean. Aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lan hau guztia, urteetan luzatu zen gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, eta logika horri loturik ari ginen gu ere, ilusioz, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten, estatuen estolderietan diseinatu zituzten polizia operazioen bidez. Egin genituen aldarrikapenei lotzen gatzaizkie epaituak izango garen honetan.

Geroztik, gatazkaren ondorioak arindu eta gainditu nahian urrats garrantzitsuak eman dira Euskal Herrian azken urteotan. Sufrimendu ezberdinen errekonozimendua eta enpatia beharrezkoak izan dira urrats hauek eman ahal izateko. Gatazkak sorturiko minak zuzenean jasan dituzten hainbat herritarrek elkarri begiratzeko eta elkar sentitzeko egindako ahalegina azpimarratu nahi dugu.

Asko eta asko izan dira gutako bakoitzak jaso dituen elkartasun keinuak, berdin gure familietan eta parte garen komunitateetan. Elkartasun adierazpen bakoitzak gure gogo-bihotzak goxatu ditu. Hurbil ditugun pertsona horiei guztiei bihoakie gure maitasuna eta esker ona.

Makroepaiketa honekin asaldatu diren eta babesa agertu diguten herritarrei dei zabal bat egin nahi diegu irailaren 14an, epaiketaren bezperan, denon artean manifestazio handi bat antolatu dezagun Bilbon. Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari. Manifestazio hau handia eta askoren aldetik babestua izan dadin eremu ezberdinetako pertsonekin manifestu zabal bat lantzen ari garela adierazi nahi dugu. Datozen asteotan emango dugu.

Epaiketaren gaineko informazioa, kanpainari dagozkion euskarriak eta babes ekonomikoa emateko kontu zenbakia  https://11-13makroepaiketa.eus/