ETXERAT ELKARTEA
Euskal preso eta iheslari politikoen senideak eta lagunak gara. Senide izatea ez da hautazko egoera, espetxeak eta erbesteak inposaturiko egoera baizik. Hori dela eta, jatorri eta ideologia politiko ezberdineko pertsonen bilgunea da Etxerat elkartea.
Erbestean ala espetxean ditugun senide eta lagunen egoerak Giza Eskubideen urraketak salatzera bultzatzen gaitu eta, aldi berean, egoera horiek dira gure Giza Eskubideak urratzen dituztenak. Gure senideak maitatzeagatik, gure senideekiko dugun maitasunari uko ez egiteagatik.
Eskubideen urraketak salatzen ditugu. Gure senideei urratzen dizkietenak baita guri urratzen dizkigutenak ere. Xantai, presioak eta mendekua direlarik eskubideak urratzeko erabiltzen dituzten tresnak.
Bakea eta konponbidea lortzeko aurreneko pausua pertsona guztien eskubideen errespetua dela aldarrikatzen dugu.
Pairatutako sufrimenduaren aitortza aldarrikatzen dugu egian oinarritutako errelatoa egiteko, egoera hauek inoiz errepikatuko ez direla bermatzeko.
ZER DA ETXERAT?
Hau da elkarte honek preso eta iheslarien senide eta lagunei eskaintzen diena:
Asistentzia, aholkularitza eta laguntza. Egoera mingarri honek sortutako samina txikitu eta leuntzeko tresnak. Bizitzaren alor guztiak ukitzen dituen egoera da hau fisikoki, psikologikoki, sozialki eta emozionalki eragiten baitute espetxeak, erbesteak edota deportazioak.
Bizipenak eta esperientziak elkartrukatzeko bilgunea. Non egoera hauek ulertuak eta partekatuak izan daitezkeen.
Lan esparrua: Non informazioa zein testigantzek, salaketek eta aldarrikapenek bat egiten duten.