ETXERAT (2021-X-19). Gogoeta labur bat egin nahi dugu Aieteko Adierazpenaren 10. urtemugaren testuinguruan suertatu diren eginkizunen harira, izan ere itxaropenez ikusten dugulako sintonia politiko eta sozial nagusiak asmatuko duela konponbidean, bizikidetzan eta bakean aurrera egiteko behar diren urratsak ematen.
 
Egun hauetan Aieteko Nazioarteko Jardunaldietan entzundako tonu orokorra eta ekarpen garrantzitsuak azpimarratu nahi ditu Etxeratek, aurrera egiten lagunduko duen kontakizun poliedriko horretarako egokia eta garai berriarekin bat datorren eztabaida-testuinguru lasaia proposatzeko. Euskal ezker independentistak urriaren 18an egindako Adierazpenaren balioa ere azpimarratu nahi dugu.
 
Gatazkaren biktima guztien sufrimenduaren aitorpena, denena, aspalditik proposatzen ari gara Etxerat-en, eta hala planteatu genuen 2019ko martxoko gure adierazpen publikoan ere, hain zuzen ere, hiru hamarkada baino gehiagoan sakabanaketak errepidetan eragin dituen 16 hildakoen eta mila zaurituen familia eta pertsonen mina ere ezagutzen dugulako.
 
Era berean, salbuespeneko espetxe-politikaren amaierak ezin du itxaron ezta beste egun batez ere, espetxe-salbuespenari eusteak eta erbesteratuak eta deportatuak itzultzeko ezintasunak, herri honek konponbiderako eta bizikidetzarako egin behar duen bidea blokeatzen jarraitzen duelako. Gure senide presoek aspaldi hasi dute haien ibilbide juridiko-pententziarioa  askatasuna eta birgizarteratzea helburu izanik, garai berriarekiko konpromisoa erakutsi dute eta egoera hori desblokeatzea saihestezina da.
aiate.jpeg