ETXERAT (2023-VI-6). Etxerako bidean kilometro garrantzitsuak zeharkatu dituzue gaur (ekainak 3) Amasa-Villabonan. Elkartasun eta maitasunez beteriko kilometroak dira gaur hemen zeharkatu ditugunak! Horregatik, zorionak denoi! Zorionak eta mila esker elkartasun lasterketa nazionalean, berriz ere, parte hartzeagatik.

Amasa-Villabonan joan den larunbatean ospatutako Lasterbidean ekimeneko ekitaldian, irakurketa hau plazaratu zuten antolatzaileek:

Bagenekien, hasiera batetik, lasterketa luzea izango zela, azkeneko preso, iheslari eta deportatuak etxean izan arte, kilometro gogorrak bezain maitasunez beterikoak zeharkatu beharko genituzkeela. Baina beti aurkitu ditugu modu desinteresatuan ekimen hau aurrera eramaten, modu batean edo bestean, lagundu nahi izan dutenak. Guzti hoiei ere, gure eskerrik beroenak! 

Hamar urte pasatu dira Oiartzungo Lasterbidean disfrutatu genuenetik. Larrabetzu, Berriozar, Araia, Oñati, Ondarroa, Arbizu-Lakuntza, herri guzti hauetan antolatu ziren lasterketak eta ondoren, pandemiaren eraginez, bi urteko etenaldia ezagutu genuen. Baina horren ostean, gogo berrituarekin, igaz, Kanpezuko edizio arrakastatsua aurrera atera genuen. Lasterbidean alde konpromiso irmoa lortu dugu eta horregatik aurten Amasa-Villabonan, Gipuzkoan gaude euskal errepresaliatu eta haien senide eta gertukoei gure elkartasuna adieraziz.

Bukatu da bitartean, zorionez, sakabanaketa eta urrunketaren garaia. Ondorio latzenak jasan dituzten 16 senide eta lagunak gogoan izan nahi ditugu egun berezi honetan ere. Haientzat gure omenaldirik beroena!

Herri dinamikari eta mobilizazioari esker presoen urrunketa eta dispertsioaren zikloa iragana bihurtu da. Bukatu da espetxe politika ankerrenaren garaia, baina horrek ez du esan nahi salbuespenezko espetxe politika bere osotasunean amaitu denik. Horregatik gaur Amasa-Villabonan elkartasuna eta esperantzaren kolore gorria izan da nagusi. Hamaika pauso ditu elkartasunak eta korrika aurrera goaz, herri gisa, premiazkoa delako benetako bakea eta elkarbizitzaren aldeko bideak irekita aurkitzea.

Eta orain, disfruta dezagun antolatutako gainontzeko ekimenekin; bazkaria, musika, pilota partidak eta kontzertuarekin. Jarrai dezagun egun osoan zehar izango diran elkartasun keinuekin. Guk esaten dugun moduan, pausoak ekarri dezake pausoa!

Etxera, behingoz etxera!