Troitiño ona.jpg

ETXERAT (2021-II-5). Antton Troitiño preso donostiarra baldintzapeko askatasunean atera berri da Estremerako espetxetik. Gaixotasun larria duelako atera da espetxetik Antton Troitiño eta Euskal Herrirako bidean datorrela, momento honetan, gure besarkadarik estuena helarazi nahi diegu berari eta senide eta gertukoei. Pairatzen ari diren momentu zail honetan, gure babes osoa eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu.

Izan ere, duen gaixotasun larriaren aurrean aringarri bezala hartzen ari zen kimioterapia tratamendua uztea erabaki zuela jakinarazi zion bere abokatuari d​u​ela 10 egun, ez zitzaiolako batere bideragarri egiten tratamendua jarraitzea, bai animoan, bai fisikoki, espetxeratze-baldintzak gaindi ezinak zirelako.

Troitiñoren osasun egoera nabari okertu ​da aurreko asteetan. Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman zuten kimioa jasotzeko, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan zegoen presoa.  Espero dezagun bere gaitza duintasunez eta bermez tratatuko dutela hemendik aurrera, bere senideengandik hurbil.

Donostiako presoak Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioak jasa​n​ ditu. Izan ere, gaixotasun larriari erreparatuta, urtarrilaren 11n, 104.4 artikuluaren bidez (3. gradua) kartzelatik ateratzeko autoa eman zuen espainiar Auzitegi Nazionalak; aldiz, 15 egun geroago, formula aldatu zen eta baldintzapeko askatasuna jaso zuen beste auto batek. Baina kasu guztietan, emandako autoen irmotasuna deklaratzeko behar diren epeak mantendu ziren, Troitiñoren osasun-egoera kritikoa baloratu gabe.

Berriro diogu salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuez gain, presoen bizi-baldintzak duinak izateko eboluzionatu behar du. Ezin dugu alde batera utzi kondena luzeek, lehen aipatu dugun asistentzia gabeziarekin batera, osasuna azkar hondatzea eragiten dutela, Covid 19k eragindako larrialdia eta arrisku erantsia gehituta. Espainiako eta Frantziako gobernuei berriro eskatzen diegu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 euskal presoen berehalako askatasuna, baita 65 urtetik gorakoena ere, preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzen dituzten bitartean.