43846ce4-625a-4448-9349-12dbc8c065f3.jpg

ETXERAT (2022-IV-4). Gure senide presoek jasaten duten eskubideen urraketaren aurrean nazkatuta gaudela adierazi nahi dugu. Ez gara onurez ari, euskal preso politikoek onurak lortu dituztela diotenak gezurretan ari dira. Gezurra esaten dute salbuespen-neurririk inoiz ez zaiela aplikatu eta orain ez zaiela aplikatzen ziurtatzen dutenek. Espetxeetako Legeak eta Araudiak jasotzen dituen eskubideez ari gara, modu interesatuan eta mendekuz presoei ukatzen zaizkien eskubideez. Zifrak adierazgarriak dira...

  • Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak eta Auzitegi Nazionaleko 1. sekzioak 34 presoei dagozkien 71 irteera-baimen ukatu dituzte. Hasieran, espetxeetako tratamendu-batzordeek -Araba (24); El Dueso (18); Martutene (12); Burgos (8); Basauri (6); Logroño (1), Zuera (1)- onartu zituzten baimen hoiek. 168 preso baimenekin kalera ateratzen egon beharko lukete lege arrunta aplikatuz gero, baina 22 baino ez dira ateratzen ari.
  • Erdi askatasunean ziren hiru pertsona berriro espetxera bueltatu behar izan dira. 132 presok 3. graduan egon beharko lukete lege arrunta aplikatuko balitzaie, zigorraren erdia bete ostean; 14 baino ez daude.
  • 51 presok baldintzapeko askatasuna egon beharko lukete, zigorraren hiru laurdenak bete dutelako. Aurten soilik 6k lortu dute.

Ia bost urte igaro dira gure senide presoek, gaur egun dauden 190 presoek, haien espetxe-ibilbide juridikoari ekin ziotenetik, konponbidearekin eta bizikidetzarekin konpromisoa hartuz, etengabeko oztopo-lasterketa bihurtu dena, lehenik gerturatzeko, gero irteera-baimenak izateko, ondoren hirugarren graduan sailkatzeko eta, azkenik, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko.

Aspertuta gaude gure senideekin beti salbuespenaz jokatzen dutelako eta ez zaielako legea aplikatzen. Gogaituta gaude legeak jasotzen ez dituen gauzak eskatzen zaizkielako, eta nazkatuta gaude espetxe-salbuespenari eusteko jartzen dituzten aitzakia politiko, mediatiko eta judizialekin.

Ezin dugu denbora gehiago itxaron, legeri arrunta aplikatzeko oztopoak eta trabak egunero saihestuz, ezin dugu sufrimenduaren luzapenaren biktima izaten jarraitu, eta ezin da euskal gizartea elkarbizitza eraikitzeko etengabeko atzerapenera kondenatu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

----------------------

Boni Badillo senidearen testigantza:

Boni Badillo naiz, Joseba Borde Ugaoko presoaren koinatua. Aurten 20 urte beteko ditu espetxean. Joseba Basauriko kartzelan dago gaur egun, Andaluziatik Galiziara bitarteko hainbat espetxe ezagutu ostean. 63 urte ditu eta koloneko minbizia izan du, Etxerateko medikuek kudeatzen dituzten gaixotasun larriak dituzten presoen zerrenda publikoan dago.

2019an, Josebak bere zigorraren hiru laurdenak bete zituen, eta 2024an amaituko du zigorra bere osotasunean. Tratamendu-batzordeak lau aldiz onartu ditu Josebaren irteera-baimen arruntak, baina Espetxe Zaintzako epaileak ukatu ditu baimen hoiek.

Josebari kalean egoteko duen eskubidea urratzen ari zaizkio eta, bere familia, bere gertukoak, Josebaren urrunaldiarekin zigortzen gaituzte. Bere eskubidea da kalean eta gurekin egotea baina ez dago eskubiderik. Gezurra da Josebarentzat eta besteontzat onurak aplikatzen ari direla. Bere eskubidea da indarrean dagoen legedia aplikatzea eta kalera ateratzea.