ETXERAT (2022-III-25) COVID-19a hasi zenetik bi urte baino gehiago igaro dira, eta pandemia ondorengo errealitatean gauden arren, presoek, oro har, gure presoek, eta, beraz, baita senideek, oraindik ere pairatzen dute espetxeetan aplikatzen jarraitzen diren neurri murriztaileenen zentzugabekeria.
Aste honetara arte, IIPPk etenda eduki ditu komunikazio guztiak, familiarrak eta bizikidetzakoak, El Dueson, Burgosen, Sorian eta Logroñon, eta bizikidetzakoak Alcalan eta Villabonan. Iruñeko espetxean ere ez dira komunikazio intimoak berreskuratu; Hego Euskal Herriko gainerako espetxeetan, berriz, hamar egun arteko konfinamenduak ezartzen dira bizikidetzako komunikazioen kasuan.
Horixe da errealitate gordina, pandemia hasi eta bi urtera. Denbora gehiegi seme-alabei, adineko senideei besarkadarik eman gabe. Egoera jasanezina da, eta ez du inolako zentzurik. Salatu egin dugu, mobilizatu egin gara, espetxeetan ere erantzukizunez eta ausardiaz joka dezaten eskatzeko, egoera oso gogor bati oztopo gehiago erantsi gabe; baina iritsi da garaia eskubideak ez urratzea eskatzeko.
Nahikoa da. Dagoeneko ez dago arrazoirik, pandemia osteko garai hauetan, kalean bizitzen ari garen normaltasun berarekin espetxeetan komunikazioak ez egoteko. Eta, jakina, bada garaia espetxea ez den beste aukera batzuk ausardiaz planteatzeko, askatasunaren ikuspegitik; preso gaixoak kaleratuz, hirugarren graduak, eskumuturreko telematikoak eta baimenak emanez.
Une egokia da berriro ere Espainiako Gobernuari eskatzeko behingoz preso guztiak euskal espetxeetara hurbiltzeko. Ez dezagun ahaztu, kolektiboaren 69 preso daudela oraindik Euskal Herriko periferiako espetxeetan.
Martxoko azken ostiral honetako mobilizazioa amaitzeko, gure atsekabe handiena adierazi nahi dugu Yvan Colonna preso korsikarraren heriotzaren aurrean, joan den martxoaren 2an beste preso batek eraginda, Arlesko espetxean jasan zuen erasoaren ondoren. Besarkada solidario bat bidaltzen diegu bere senide eta gertukoei.
Aldi berean, Frantziako Estatuari eskatzen diogu urratsak eman ditzala euskal preso eta preso korsikarren aurka mantentzen duen salbuespenarekin behingoz amaitzeko, eta garai berri honetan guztiak etxeratzeko.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!