Etxeratek kontzentrazioak eta prentsaurrekoa deitzen ditu egungo kartzela politikak eragindako urteko hirugarren istripua salatzeko.

IMG-20160514-WA0002

 

ETXERAT. Euskal preso politiko baten senideek istripua izan zuten atzo bisitek derrigortzen duten ibilbidean zehar. Ezbeharra larunbatean izan zen, eta honekin, hiru dira dispertsio politikak urte honetan eragindako istripuak.


Hau dela-eta, Etxeratek prentsaurrekoa burutuko du datorren asteazkenean, maiatzak 18, Bilbon. Alde batetik, istripuaz informatuko dugu, eta bestetik, jazotakoa, salbuespeneko kartzela politikaren ondorio ikusgarrienetarikoa dela salatuko dugu. Datozen orduetan zehaztuko dugu prentsaurrekoa zein tokitan egingo dugun, baita ordua ere.


Horrez gain, istripua salatzeko eta eragindako pertsonei elkartasuna adierazteko kontzentrazioak iragarri nahi ditugu:
- Iruñea: maiatzak 16, astelehena, 20:00etan Alderdi Popularraren egoitza parean.
- Gasteiz: maiatzak 16, astelehena, 19:00etan, Andra Mari Zuriaren enparantzan.
- Donostia: maiatzak 16, astelehena, 19:00, Bulebarrean, Udaletxearen inguruan.
- Bilbo, maiatzak 17, asteartea, 19:00etan, Arriagan.

Etxeratek gogorazi nahi du hil honetan 27 urte betetzen direla dispertsio politikaren aplikazio sistematiko eta orokorretik. Bereziki, euskal preso politikoen senide eta lagunei zuzendutako salbuespeneko politika bat, eta orokorrean, presoen ingurumaria afektibo osoari eragiten diona. Kartzela politika honen ondorioak konponezinak direla agerian geratu da pairatzen duten pertsonei dagokionean, eta dagoeneko 16 biktima eragin ditu.


Era berean, elkarteak gogorarazten du politika hau mantentzearen alde dauden alderdi politiko guztien ardura, bere ondorio guztien gainekoa dela.

 

IMG-20160514-WA0003