ETXERATFrantziar Estatuan euskal preso politikoen dispertsio politikak senide eta gertukoengan sortzen dituzten arazoak salatzeko asmotan, eta horren ondorioz giza eskubideen urraketak eta senideekiko lotura afektiboa mantendu nahian, behin eta berriro ematen ari diren arazoak direla eta, frantziar Estatuko "Défenseur des Droits" izeneko bulegoari kexa sorta bidali zaizkio.

Kexa horiek administrazio publikoak, zehazki frantziar Estatuko Justizia Ministeritzak egindako urraketetan oinarritzen dira eta egun Frantziako espetxeetan sakabanaturik dauden 52 euskal presoren senideek pausatu dituzte.

Preso gehienek Mont-de-Marsan edo Lannemezango espetxera hurbilduak izateko eskaria egina dute aurretik, baina Parisko Gobernuak ez du ezer egin urruntzeak senideengan eta laguneengan sortzen duen egoera gogorra konpontzeko.

Euskal presoak Euskal Herritik urruti dauzkatela, eta egoera honek senideei bidaiak antolatzeko unean arazo ugari sortzen dizkiela salatzen da kexa guztietan, besteak beste, bidaia  luzeak eta nekagarriak direla; ordu asko behar direla hain urrun dauden espetxeetara bisitak egiteko eta presoen senideei dagokionean, gurasoen kasuan adibidez, adinekoek duten zailtasunak bidai luzeak egiteko.

Horrekin batera, bidaien kostu ekonomikoa ere aipatzen da "Défenseurs des Droits" bulegoari luzatutako kexa horietan. Galera eta hondamen ekonomikoa eragiten baidituzte bidai guzti horiek. Adibidez, 930 kilometroetara dagoen Fleuryko espetxera egindako bisita baten kostua, pertsona batentzat, 250 eta 300€-ren arteko izan ohi da.

Kexa hauek direla eta, adin txikiko umeekin atal berezia osatu da. Ume txikiak dauzkaten euskal presoen umeen egoera salatzen da salaketa hauetan, preso batzuek adin txikiko seme-alabak dituzte eta aita, ama, eta zeinbati kasutan biak, ikusteko bidai luze horiek egitea are gogorragoa da haientzat, batzuetan eskola edo ikastola egunak galdu behar dituztelarik bidaiak egiteko. Kasu partikular hauekin zazpi kexa bideratuko dira egunotan “Défenseur des enfants” izeneko bulegora.

Sakabanatzearen ondorioz egin behar diren bidaia luzeek presoen senitartekoen eta lagunen inguruan tentsioa, akidura, zama fisikoa eta psikikoa sortzen dituzte, adin txikikoen eta pertsona adinduen neke eta oinazeak esponentzialki biderkatuz.

Frantziar estatuan euskal presoek pairatzen duten dispertsio politikaren harira, azaroaren 16an euskal presoak aurkitzen diren espetxeetara joango gara. Etxerat, Sare eta Bagoazek antolatutako bira horretan sakabanaketa eta urrunketaren bukaera eskatuko dugu eta espetxeetako arduradunekin zein lekuan lekuko eragile politiko eta sozialekin bilduko gara.

Ondoren, Bakearen Artisauek deituta eta Euskal Herriko gizarte zibilak bultzatuta abenduaren 9an Parisen egingo den manifestazioan ere parte hartuko dugu.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

hendaia.jpg