ETXERAT. Dispertsio politikaren ondorioen inguruko txosten berri bat aurkeztu du Etxeratek. Prentsaurrekoan aurkeztu dugun "Haurrak eta dispertsioa" txostena gure webgunean topatu dezakezue, "Txostenak > Dossierrak" atalean. Jarraian duzue irakurri dugun testua:

"Prentsaurreko hau deitu dugu, dispertsio politikaren ondorioen inguruko gure azken txostena euskal gizarteari aurkezteko asmoz.

Sarritan salatu dugun bezala, gu gara, euskal preso politikoen senide eta lagunok, politika horren ondorioak zuzenki pairatzen ditugunak. Eta bere abiatzetik ia hiru hamarkada igaro direnean, dispertsioa mantentzearen arduradunen jarrerak, politika horren lehendabiziko jomuga gu garela salatzera eraman gaitu ere. Bere ondorioak zenbat eta larriagoak, orduan eta gogorragoa da dispertsioa mantentzearen alde dauden indar eta kargu politikoek gure gain ezartzen duten presioa. Gure egoera zenbat eta krudelagoa, orduan eta baldintza handiagoak eskatzen dizkigute trukean. Beraz, mezua argia da: gure oinazearekin interes politikoak espero dituzte, eta lortzen ez dituzten bitartean, gure eskubide oinarrizkoenak inpunitate osoz urratuz jarraituko dute.

Oinaze horrek ez du bereizketarik egiten. Denoi eragiten digu, eta ehundaka adingabekok ere pairatzen dituzte, edozein helduk bezala, gure kaltea bilatzen duen salbuespeneko politika baten ondorioak. Ume eta adingabeko hauentzat, ondorioak askoz larriagoak dira; indar politiko eta erakundeen ardura handiagoa da.

Prestatu dugun txostenak, ia ezezaguna den errealitate bat hurbildu nahi dio gizarteari: euskal preso politikoen seme-alaba, anai-arreba, iloba edota biloben errealitatea. Euren bizitza, garapena, afektibitatea eta etorkizuna baldintzatzen duen salbuespeneko neurrien mende dauden haurrak dira. Haur hauek eszenatokia bakarra baino ez dute ezagutzen: bizia arriskuan jarriz, astebururo bidai luzeei aurre egin behar diete, detektagailu eta katxeoei; ehundaka kilometro bidaiatu ondoren bisitarik gabe uzten dieten arbitrariotasunei . Euren kartzelatutako senideekin elkartrukatzen dituzten gutun guztiak interbenituak dituzten haurren errealitatea da, bisita guztiak grabatuak dituztenak, euren intimitatea bortxatua izaten ari dela badakiten haur batzuen errealitatea. Dispertsio politikarentzat haurren eskubideak ez dira existitzen, dispertsio politikarentzat, eskubideak ez direlako existitzen.

Errolda garatzen gabiltzan arren, gure datuek dispertsio politikak eragindako haurren kopurua, egun, 1000 ingurukoa dela erakusten digute. Oso zaila da 27 urte hauetan zehar dispertsio politikaren ondorioak pairatu dituzten haurren kopuru zehatz bat ematea, baina darabiltzagun datuekin, 5000 haur baino gehiago dispertsioaren ondorioak jasan dituztela menturatu dezakegu, eta bere irismena, gure txostenean zein den baloratu daiteke.

Txosten hau hartuta lehendabiziko kontaktuak hasi ditugu erakundeekin. Uste dugu azken hauen ardura saihestezina dela Giza Eskubideak tartean daudenean, baina askoz gehiago garrantzitsuagoa da haurren eskubideak direnean.

Guk, indar politiko eta erakundeen ardurari deitzen jarraituko dugu, bereziki, Lehendakariari eta Nafar Gobernuko presidenteari dagokien ardura, oso larria litzatekeelako gai honetaz urrunduko balira; ardura horien utzikeria salatzen jarraituko dugu dagokionean, eta dispertsioak sorrarazten duen kaltea berehala desaktibatu behar dela ulertzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoekin lanean jarraituko dugu.

Baina erakundeei eta indar politikoei aurkezteaz gain, txosten hau gizarteari aurkeztu nahi diogu. Horrela, beste behin ere, dispertsio politikaren ondorioen isiluneari aurre egin, salbuespeneko marko horrek sortzen dituen ondorioen inguruko eskubide urraketa. Gizarteak ezagutu eta baloratzeko eskubidea duela uste dugu. Gure webgunean eskuragarri duzue dagoeneko, irakurtzera gonbidatzen zaituztegu".