ETXERAT (2020-X-5). Konfinamenduen ondorioek eta, Covid-19ko positibo kopuruak direla eta, Estatu espainiarreko espetxeetan komunikazioak murrizteak edo bertan behera uzteak egoera onartezina sortu dute etxetik urrun dauden euskal preso politikoentzat eta haien familientzat.

Azken hilabeteotan Euskal Herritik hain urrun ez dauden espetxeetara egindako lekualdatzeek ez dute galarazten, une honetan, Espainiako estatuan kartzelaratutako EPPK-ko 189 presoetatik 180k urruntze egoeran jarraitzea eta egoera horren ondorioak beraiek eta haien familiek jasatea.

Etxeratek gogorarazi nahi du egoera jasanezin hau hasi zenetik bederatzi hilabete igaro direla dagoeneko. Vis a vis komunikazioak aldi baterako etenda jarraitzen dute eta euskal presoak dauden hogeita hamar espetxe baino gehiagori eragiten die; beraz, denbora guzti honetan noizbehinka baino ez dira egin.

Horrek, bidaia luzeen zailtasunekin batera, familiakoak bisitatzeko aukera ukatu die haurrei, adingabeei eta adineko pertsonei. Baina gauzak okertu dira baita ere barrura begirako komunikazioei dagokienez, adibidez Aranjuezeko espetxeko aitek ezin dute ikusi espetxe barruan haien amekin dauden seme-alabak.

Asteburu honetan Soto del Realeko mintzategiak ere itxi dira, eta horrek bertan preso dauden hiru euskal presoekin edozein komunikazio izatea eragotzi du. Bi familia, dagozkien baimenekin, Villena eta Soto del Realeko espetxeetara joan dira asteburu honetan, atzemandako positiboen ondorioz bisitak bertan behera utzi direla topatuz. Alferrik egindako 1.400 eta 1.000 km-ko bi ibilbide.

Berriro diogu presoak Euskal Herriko espetxeetan egon beharko direla, haien errotze-lekuetatik hurbilen dauden espetxeetan, gero eta ondorio konponezinagoak izaten baitituzte espetxeratuek eta haien familiek.

Etxeratek presoen eskubideen aldeko lana bultzatzeko eta indartzeko deia egin nahi du, antolatutako mobilizazioak babestuz. Egoera honekin eta honen ondorio larriekin bukatzea guztion ardura da.