ETXERAT. Itziar Moreno euskal preso politikoa isolamenduan dago maiatzaren 2tik. Egoera horrekin bukatzeko protesta ezberdinak abiatu dira bai Fresnes bertan zein hortik kanpo. Alde batetik, espetxe horretako gizonen moduloko bost euskal preso politikoek bigarren astea dute gose greba mugagabean. Itziar Moreno bera eta Ekhiñe Eizagirre ere gose greba hasi zuten atzo, lehenengoa isolamenduan, esan dugunez, eta Eizagirre zigor ziegan (Mitard) ekainaren 1 edo 2ra arte zigortua, joan den astean ere bertan sartu zezaten bultzatu zuelako. Iratxe Sorzabal, bestalde, gaur hasi da kartzelak ematen dituen otorduak errefusatzen. 

Horrez gain, Meaux presondegiko Oier Gomez eta Kepa Arkauzek 24 orduko txandakako baraualdia abiatu dute atzotik, batak egun batean, besteak hurrengoan.

Gainontzekoan, Osnyko euskal preso politikoek protesta ezberdinak burutzen ari dituzte, Morenoren isolamendua salatzeko: gutunak zuzendaritzari, enkarteladak, kontzentrazioak, txandakako baraualdiak ere, etab.

Kalean ere kontzentrazio eta ekimen ezberdinak egin dira, eta gutunak bidaltzen ari dira Fresnesera isolamendu hori salatzeko. Parisko Elkartasun Komiteak bestalde ere, kontzentrazioa burutu zuen joan den asteburuan Fresnesko ateetan.

Bestalde, ostiral honetan Fresnesera martxak antolatu ditu Sortuk.