ETXERAT (2020-XI-11). Lasarte-Oriako preso politikoa den Ibon Fernandez Iradik, Lannemezango kartzelan (330 km) espetxeratua dagoena eta esklerosi anizkoitza duenak, positibo eman du Covid19ko proban eta isolatuta dago ziega batean, gaixotasunaren zenbait sintoma dituela.

Etxerat-ek bere kezka adierazi nahi du Ibon jasaten ari den egoeraz. Gogora ekarri nahi dugu Ibon Fernández Iradi gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 18 euskal presoetako bat dela, aspaldian aske egon behar zutenak behin eta berriz eskatu dugun bezala, eta orain osasun-pandemiaren testuinguru honetan are gehiago.
 
Ibonen kasuan, gainera, Frantziako Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak zigorra etetea onartu zuen osasun-arrazoiengatik, baina oraindik preso dago fiskaltzak eta Apelazio Gorteak egindako blokeoaren ondorioz. Horregatik, Ibonen kasuan, bere eskubideen urraketa nabarmena salatu nahi dugu; Frantziako justiziak osasunaren arloan lan egiten duten nazioarteko erakundeen gomendio eta jarraibideei jaramonik egin ez dielako kutsatu baita Ibon.
 
Berriro ere Ibonen askatasuna eskatzen dugu eta egun hauetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu; zehazki, Sarek gaur Lasarte-Orian proposatzen duen kontzentrazioan eta baita emango diren beste batzuetan ere.