ETXERAT. Joan den otsailaren 20an, Lurdes Arronategi hil zen. Lurdesek 80 urte zituen eta bost seme zituen, besteak beste, euskal preso politikoak diren Ibon eta Eneko Goieaskoetxea. Ibon Arles-en preso dute, frantziar estatuan, Euskal Herritik 750 kilometrora, eta Eneko A Laman preso dute, Euskal Herritik 730 kilometrora.

Zokoako herrian burutu behar zuten hileta, baina familiak zeremonia ahalik eta gehiena atzeratu egin zuen, Frantziar estatuan preso dagoen Ibon bere semeak ehorzketara etortzeko tramiteak egiteko denbora izan dezan. Baina, nahiz eta eskaera aspalditik egin, familiak atzo jaso zuen espetxearen ukapena, Marseille aldean DPSa neurripean den preso batentzat gendarmeria brigada egokirik ez dela argumentuarekin.

Otsailean Lurdes eta orokortasunean senide adinduen egoera latza salatu genuen, urrunketa neurri berezi eta sistematikoak harreman familiarra hausten duela azpimarratuz. Izan ere, duela gutxi Lurdesek testigantza hunkigarria eskaini zigun, bidaia horiek egiteko gero eta indar gutxiago zuela kontatzen.

Familia honen kasuan gainera nabarmentzekoa da; aita galdu zuten pasa den udan. 8 hilabateko epean beraz, bi gurasoak hil zaizkien bi euskal preso horiei, horrelako egoeretan beharrezkoak diren harreman familiarrak izateko aukera gabe.

Azkenean, hainbeste itxaron ondoren, ehorzketa gaur arratsaldean egin dute Ibon gabe. Etxerat Elkarteak bai erabaki krudel hori, baita ere sekulako tensioa gehitzen duen erantzuteko epe luzea ozen salatu nahi ditu. Beste behin ere, espetxe politika osatzen dituzten salbuespen neurriek funtsezko eskubideak larriki ukatzen dituztenaren, adibide argi baten aurrean aurkitzen gira. Berriz diogu: ez dago tarteko konponbiderik. Aukera bakarra salbuespen neurriak indargabetzea eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzean datza, senide eta lagunekiko lotura bermatzeko eskubidea ziurtatzeko ezinbesteko urratsa baita.