gasteiz.jpg

ETXERAT (2021-II-26). Eskubideen urraketa desblokeatzeko, espetxeetan espetxe gehiago eraikitzeari utzi eta presoen askatasuna eskatzeko, datorren ostiralean, EHko hiriburuetan, herrietan eta auzoetan mobilizatuko gara gaur arratsaldez, otsaileko azken ostirla honetan, Sarerekin batera. Bertan parte hartzera animatzen zaituztegu. 

Espainiako Barne Ministerioak espetxeak blindatzeko hartutako erabakiak motatako guztitako komunikazioak bertan behera uztea ekarri du, baita lekualdatzeak ere. Baina euskal presoen urrunketarekin eta dispertsioarekin behingoz bukatzeko emandako pausoak ezin dira orain eten. Hau guztia presoen eta haien gertukoen eskubideen aurkako erasoa da.

Eskubide-urraketak, ordea, ez dira berriak, orain dela urtebete alarma-egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak.

Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute, espetxeak itxiz, egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak hartu beharrean. Presoek arrisku-taldean daude eta oraindik ere ez dituzte ezarri haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak, hala nola, kalitatezko musukoak emanez; kopuru egokian, bai eta txertoa jartzeko orduan presoei ere lehentasuna emanez, funtzionarioei ematen zaien bezala. Bestalde, Frantziako espetxeetara iristean, senideentzat test azkar eta doakoak egitea eskatu dugu; eta bai Espainian zein Frantzian, bisitak eta komunikazioak lehenbailehen berreskuratu behar direla aldarrikatzen dugu.

Halaber, euskal presoen lekualdaketak eta hurbilketak berrezartzea eskatzen dugu, presoen eta haien senideen kezka eta ziurgabetasunarekin behingoz amaitzeko. Eta pandemiaren testuinguru honetan, azpimarratu nahi dugu preso askok, gaixotasun larriak dituztenetatik eta 65 urtetik gorakoetatik hasita, Nazio Batuen Erakundeak, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala, aske egon beharko liratekeela, haien osasunerako eta bizitzarako eskubidea bermatzeko.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!