ETXERAT (2021-VIII-4). COVID-19k gora egin du, eta horrek presoei ere eragiten die. Osasun arazoaren aurrean Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak (EEIN) ezartzen duen kudeaketak presoen eta haien senideen eskubideei eragiten die berriz ere, eta areagotu egiten du duela urte eta erdi hasi zenetik pairatzen ari garen egoera jasanezina.

Gure senide presoak gaur egun dauden espetxe gehienetan komunikazio intimoak, bisean bis familiarrak zein bizikidetzakoak alegia, bertan behera utzi dituzte. Horrek, berriz ere, egoera jasanezin batera garamatza, zigor gehigarri batera, bai gure senide presoentzat, zein guretzat.

Baina jasotzen dugun zama ez da gaurko kontu bat, izan ere, pandemiaren agerpenaren osteko kudeaketak inkomunikazio neurriak ekarri zituen presoen eta senideen artean, eta, ondoren, 2021eko otsaileko lehen gorakadarekin, EEIN-k berriro blindatu zituen espetxeak, komunikazioak bertan behera utziz eta, horrela, presoei geratzen zitzaien kontaktu fisiko bakarra ezabatuz. Giza eskubideen aldeko eta presoen aldeko Estatu mailako elkarteekin batera, pertsona presoen askatasunaren alde neurriak hartzea defendatu izan dugu, baita beste osasun-neurri eraginkor batzuk ere, kalean ezarritako prebentzio-neurrien antzera, espetxeetan aplikatzea barne, bisean bis familiarrak eta bizikidetzakoak bermatu ahal izateko eta zuzeneko kontaktua egingarri egiteko.

Adin txikikoez ari gara, espetxean giltzapean dauden gurasoekiko lotura ezarri ezinik denbora luzez egoten diren adingabeez; urte luzeetako zigorraren ondoren lehen aldiz baliatu behar zituzten euskal preso politikoentzako irteera-baimen geldituez ari gara baita ere, eta, oro har, komunikazioak eten zaizkien senide eta presoez, hau da, presoen eskubideen aurkako eraso zuzen eta bortitzaz.

Etxerat-etik berriro eskatzen dugu gaixotasun larriak dituzten presoak, 65 urtetik gorakoak eta, euskal presoen kasuan, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten guztiak espetxetik atera daitezela, eta azpimarratzen dugu, berriro ere, neurri humanoagoak aplika daitezela COVID-19ri aurre egiteko, espetxean ere bai, eta komunikazioak berreskuratu daitezela.

foku.jpg

Argazkia: FOKU