40 minutu.jpg

ETXERAT (2019-II-19). 40 minutu rock ekimenak bosgarren edizioa beteko du aurten. Euskal preso eta iheslari politikoei elkartasuna adierazteko eta egun espainiar eta frantziar gobernuek mantentzen duten salbuezpeneko espetxe politika salatzeko, Etxerat Elkartearekin elkarlanean, bi egun hartuko ditu aurten 40 minutu rock ekimenak.

Otsailaren 23an, larunbatean, ohitura denez, kontzertu maratoiari emango diote hasiera Durangoko Landako gunean goizeko 10:30etatik aurrera. Bezperan, ostiralean, otsailak 22, gazteentzako jai giroaz harago doan jaialdia abiapuntua izanik, umeentzako zein helduentzako jarduerak prestatu dituzte.

“Elkartasun dantzaldia” burutuko da egun horretan 18:30ean. Bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimototxekin, hainbat eragile eta gai desberdinak batuko dira dantzaldian: hezkuntza komunitatea, mugimendu feminista, pentsionistak, musikariak, mendizaleak, osasun arloko langileak, bertsolariak, euskaltzaleak...

Ostiraleko egitaraua bukatzeko, preso, iheslari eta deportatuen ausentziaz, 40 minutu iraungo dituen “Etxerako giltzak” ikuskizuna eskainiko dugu 40 Minutu Rock-ek eta Etxerat-ek elkarlanean. Ane eta Uri dantzariak dira ikuskizunaren protagonistak. Haiekin batera, Miren Amurizak, Nerea Ibarzabalek, Ines Osinagak eta Mikel Urdangarinek ere parte hartuko dute, Gotzon Barandiaranek koordinaturiko proiektu honetan.

Hileko azken ostirala izango den honetan beraz, eta herriz herri ohiko elkarretaratzeak gauzatuko direlarik, ondoren, Durangoko Landakon “Etxerako giltzak” ikusteko aukera izango duzue datorren ostiralean. Autobusak antolatzen ari dira Bizkaiko eskualdeetatik Durangora abiatzeko.

Gogoratu:

ETXERAKO GILTZAK

Preso, iheslari eta deportatuen ausentziaz

Otsailak 22, 22:00ean, Durango. Landako Gunean. Sarrerak Plateruenan eta bertan salgai 5€.