20160317 112956

ETXERAT. Prentsaurreko hau deitu dugu, igande honetan Etxeratek Gasteizen ospatuko duen bere XV. Nazio Batzarraren berri emateko. Zehazki, Europa Biltzar Jauregiak hartuko du urtean behin ospatzen dugun hitzordu garrantzitsu hau. Bertan, gure urteko balantzea eta hemendik aurrerako egin beharreko lanaren planifikazioa aurkeztuko ditugu.

Joan den batzarretik hona, erabaki garrantzitsuak izan dira salbuespeneko kartzela politiken aurka, bai politikoak, zein instituzionalak. Honek, egungo egoeraren eta hemendik aurrera burutu beharko dugun lanaren inguruko balorazio sakon bat eskatzen du.

Etxeratek beti berretsi izan du bere salaketa eta testigantza lana dispertsio politikaren alorrean gertaturiko urraketen aurrean. Bai gure senide kartzelatuei dagokienean, zein urraketa horiek gure aurka badoaz ere. Gure elkarteak, 15 urte betetzen ditu aurten. Ibilbide luze horretan zehar, ez da falta izan ez erasorik, ez kriminalizazio saiakerarik, ezta komunikazio zentsura ere ez; baina hori guztia ez da oztopo izan gure lanean jarraitzeko. Oraingo egoera ez da duela 15 urte zegoen berdina; gurea zein gure senide kartzelatuena da aldatu gabe jarraitzen duena, zigor gehituaren eta oinazearen parametroetan enkistatua, oraindik. Eta horrek hausnarketa sakon eta arduratsua eskatzen du. Hori izango da Nazio Batzarraren abiapuntua.

“Ametsetatik ekintzetara” hartu dugu lelotzat aurtengo batzarrerako, indar politikoetan eta gure lanean konfiantza dugulako ametsetatik bake errealitate batera igarotzeko beharrezko pausoa emateko.

Batzarra ateak itxitako bilera izango da hasieran, eta 10:00etan hasiko da. 11:30etan eragile politiko eta sozial ezberdinak gonbidatu dira, eta haiekin konpartituko dugu gure urteko balantzea eta datozen hilabeteetan egingo dugun lana. Batzar guztiak bezala, euskal preso eta iheslari politikoekin ahaidetza edo adiskidetasun loturak konpartitzen dituen pertsona orori zuzendua dago batzar hau. Lotura horiek izategatik eskubideen ezabaketara, eta zigor zein oinazeari lotuak diren pertsonak.
Amaitzeko, prentsaurreko bat burutuko dugu komunikabide ezberdinentzat, 13:00etan. Honako hau baliatu nahi dugu, bestalde, euren senideengandik urruntzen dituzten kilometro andana bat gainditzeko euren denbora, ekonomia eta osasuna jokoan jartzera derrigortuta diren pertsona guztiei deia egiteko, hitzordu honetara batu daitezen. Izan ere, batzar hau gure arteko loturak sendotzeko parada ere bada. Beraz, hemendik gure gonbidapena zabaldu nahi dugu.

Beste behin, XV. Nazio Batzarra Giza Eskubide, konponbide eta bakearekin dugun gure konpromisoa berraktibatzeko espazioa izango da. Salbuespeneko politikak desaktibatzea -dispertsiotik eta larriki eri diren presoak espetxetik ateratzeko ukapenetik hasita -, lehendabiziko pausoa eta garrantzitsuena da. Beste behin ere, dispertsioa stop!