ETXERAT (2022-I-21). Francisco Jose Ramada Estevez Irungo preso politikoa gaur goizean ospitaleratu dute Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean, bihotzeko krisi baten ondorioz, ziurrenik arritmia baten ondorioz. Euskal presoa berehala lekualdatu dute, Martuteneko espetxean konortea galdu baitu.

Etxeratek animo mezu bat bidali nahi dio presoari une zail honetan, lehenbailehen sendatzea opa diogulako eta bere familiari elkartasuna adierazi eta besarkada bat bidali nahi diogu.

Ramada Estevezek 58 urte ditu eta 21 daramatza espetxean. Murtzia I.ean zegoela, Euskal Herritik 830 km-ra, ebakuntza kirurgiko bat egin zioten. Ebakuntza horren ostean, espetxera itzuli behar izan zuen berehala, nahiz eta oraindik min handia izan. Etxerat Elkartetik modu publikoan salatu genuen erabaki hori. 2020ko ekainean bestalde, Iruñeko espetxera lekualdatu zuten, eta, azkenean, iaz Martutenera iritsi zen.

Ramada Estevez berehala aske uztea eskatzen dugu, bere egoera delikatua delako, eta kontuan hartuta, gainera, 2020ko irailean bere zigorraren hiru laurdenak beteta zituela, eta dagoeneko zigorraren azken fasean dagoela. Kondenaren azken fasean egonda, horrek berehala baimenak eta hirugarren gradua eskuratzeko aukera eman beharko lioke. Era berean, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso politikoak aske uzteko eskaera berretsi nahi dugu.