ETXERAT. Iban Saez de Jauregi euskal preso politikoak (Liancourt, 1000 km) 24 orduko VSF bisita bat zuen ezarrita joan den astelehenean (martxoaren 1ean). Presoa bisitatzeko, bere senideak – tartean 16 hilabeteko haur bat – Loiura joan ziren egun bat lehenago, hurrengo egunean goizeko zazpiak aldera Parisera hegazkin bat hartzeko, baina matxura bat dela-eta hegaldia bertan behera geratu zen.
Aukera bezala, eta hilabete bat aurretik ezarritako bisita ez galtzeko, Berlin helmuga zuen hegazkina hartu zuten, gero handik Pariserako beste hegazkin bat hartu, kotxea alokatu eta denbora justuarekin kartzelara heltzeko. Alabaina, hara iritsi eta Berlin-Paris hegaldia 14:30etara atzeratu zutela informatu zieten. Bisita ordurako (15:00etan, baina ordubete lehenago egotea derrigorrezkoa da) espetxean egotea ezinezkoa izango zela ikusita, Etxerateko asistentzia sailak – bisita baimenak kudeatzeaz arduratzen dena – gutxienez lokutorioko bisita bat (45 min Frantzian) eskatzen saiatu zen, baina Liancourteko kartzelak ezezkoa eman zuen – nahiz eta atzerapenaren zergatiak azaldu -, horrelako bisitak eskatzeko 72 orduko aurretiaz egin behar dela arrazoituz. Ondorioz, Saez de Jauregiren senideak euren ardurak alde batera utzi behar izan zituzten 48 orduz, erloju kontrako lasterketa basati baten pean, euren senidea ikusteko aukera gabe, 3000 kilometro baino gehiago bidaiatu ostean, eta ondoriozko bidai eta ostatu gastuekin, neke eta urduritasunarekin. Urtebete inguru duen ume batekin bidaiatzen zutela gogorarazi behar dugu.
Euskal preso politikoen senide eta lagunek astero aurre egin behar dieten baldintzatzaile eta ondorioen beste eredu bat da azken hau. Politika kaltegarri batek zein egoera babesgabean uzten dituen ilustrazioa ere bada, euren eskubideen ariketa prezio oso altu batean egitera derrigortuak (arriskua barne).
Espainiar eta frantses estatuek aplikatzen duten salbuespeneko kartzela politikek eragindako urraketa guztiak salatzen jarraituko du Etxerat.