Moreno eta Eizagirrek gose greba hasi dute gaur lehenengoaren isolamenduaren aurka. Iratxe Sorzabalek, bestalde, janari errefusaketak burutuko ditu. Horrez gain, Meaux-en dauden Oier Gomez eta Kepa Arkauz presoek txandakako gose greba abiatu dute ere. Bitartean, espetxez aldatuko dutela jakinarazi diote Morenori, data zehaztu gabe.
ETXERAT. Maiatzaren 2tik Fresnesko espetxean isolamenduan dagoen Itziar Morenok eta Ekhiñe Eizagirrek gose greba abiatu dute gaur isolamendu horren aurka, gizonen moduluan dauden bost euskal presoei batuz, zeinak bi aste daramate dagoeneko. Isolamenduaren aurka ere, Iratxe Sorzabalek janari errefusaketak burutuko ditu, kartzelako otordu batzuk baztertuz. Morenori espetxez aldatuko dutela jakinarazi diote, bestalde, data zehatzik gabe.
Horrez gain, Meaux kartzelan dauden Oier Gomez eta Kepa Arkauz presoek txandakako gose greba –batak egun batean, besteak hurrengoan - hasi dute Morenoren egoera konpondu dadin.
Gogorarazi behar dugu berriz, joan den astetik Osnyko preso politikoek ere protesta neurriak abiatu zituztela Morenoren isolamenduaren aurka. Kontzentrazioak, baraualdiak, eta haien zuzendaritzari gutunak bidali dizkiote.
Guztiek Itziar Moreno isolamendutik atera arte protestak segitzeko asmoa dutela jakinarazi dute.
Parisko Elkartasun Komiteak gutun bat egin zuen publiko Fresneseko emakumezko presoen protestekin bat egiten, eta joan den asteburuan kontzentrazioa burutu zuen presondegi horren aurrean ere.