ETXERAT. Juan Mari Etxabarri Garro Sevilla II espetxean dagoen preso politiko iruindarra Sevillako Ospitalean dago ingresatuta, gaur goizean bere egoera larria ikusirik bertara eraman behar izan dutelarik. Pneumonia larri batek jota, odolbatu bat aurkitu diote biriki batetan eta jarritako drainatze-sistema eta antibiotikoekin bere egoera egonkortu egin da.

Ezuste ikaragarria eta kezka handia bizi izan dute goizean zehar Juan Mari Etxabarriren senitarte eta gertukoek, Kepa del Hoyo preso politikoaren heriotzak aste honetan sortu duen mina eta ezintasuna oraindik presente dugularik, Sevillak II espetxeko arduradun baten deia jaso dute presoaren egoera larria dela eta euren senitartekoa ospitaleratu behar izan dutela jakinarazten.

Egoera larri baten aurrean aurkitzen gara beste behin ere. Dispertsioak eta urrunketak erabat zailtzen du gure senide presoen alde egin beharreko guztian. Horregatik, Juan Mari Etxabarriren senide eta ingurukoei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta bide batez, dispertsioa eta urrunketa bertan behera uztea exijitzen dugu.