61 urte ditu Lekeitiko euskal preso politikoak, 24 urte beteko ditu espetxean uztailean eta guztiak 1. graduan. Puerto I-eko espetxean dago egun.

ETXERAT (2020-V-25). Puerto I (Cadiz) espetxean dagoen 61 urteko Julen Atxurra Egurrola preso politiko lekeitiarrak garuneko isuria jasan zuen pasa den maiatzaren 13an. Mediku txostenen eta ospilateko Neurologia Zerbitzuaren partetik jasotako informazioaren arabera, gorputzaren ezkerreko aldean eragin dio bereziki, belauna eta oinean gehien bat, eskuko hatzetan ere erasanik.

Pasa den ostegunean, hilak 13, sufritu zuen isuria Julenek eta Puerto Realeko unibertsitate ospitalera eraman zuten berehala, senideak abisupean jarri zituzten. Zorigaiztoko albiste hori jasotzeak sufrimendu gehigarri bat eragiten dio horrelako egoeretan dauden senide eta presoei. Maite duzun pertsonarekin harremanetan jartzeko ezintasuna eta urrundua dagoen senidearen egoeraren ziurgabetasuna erantsi behar zaio. Izandako ezbeharrak berehalako atentzioa jaso behar izatea dakar, eta gehiago luzatuz gero, garunean kalte handiagoak eragin ditzake.

Aipatzekoa da, Covid19ren konfinamendu testuinguruan, hilaren 13an bertan, euskal preso politikoak bigarren bideo-dei egin zuen familiarekin. Egun berean jasan zuen buruko isuria Atxurrak.

Joan den ostegunean, maiatzaren 21ean, isuria jasan eta zortzi egunera, preso bizkaitarra berriro kartzelara eraman zuten eta handik etxera deitu zuen. Bi egun geroago, maiatzaren 23an, larunbata, baimena jaso ondoren, bi senidek Puerto I espetxean 40 minutuko bisita egin ahal izan zuten. Senideek esan dute Julen Atxurra espetxeko erizaintzan dagoela, gogo-aldarte onarekin eta bere indar fisiko eta mentalari esker gorputzeko gune kaltetuenetan sentsazioak berreskuratzen hasi dela.

Une honetan Etxerat Elkarteak bere maitasun guztia erakutsi nahi die bai Juleni eta baita bere senide eta lagunei ere. Izan ere, oso egun zailak ari dira pasatzen presoaren egoera errealaren inguruko ziurgabetasuna dela eta, gainera badakite zailtasunak izango dituztela presoaren osasunerako eskubidea bermatzeko eta osatzeko behar dituen neurriak hartzeko.

Lekeitioko presoari isuria oso une korapilatsuan gertatu zaio Covid19ren larrialdi-egoerak bere horretan dirauelako; izan ere, bi hilabete lehenago eten ziren kanpoarekiko ohiko komunikazioak. Orain, ospitaletik itzuli ondoren koarentenari aurre egin beharko dio, aurkitzen den egoera horretan.

Gainera, azpimarratu nahi dugu euskal preso politikoaren gurasoak oso helduak direla eta ezin direla joan etxetik 1.020 kilometrora dagoen espetxe batera. Julen Atxurra Egurrola 1996ko uztailean espetxeratu zuten, beraz, 24 urte beteko ditu laster espetxean; urte guzti hauek 1.graduan, hau da, gogorrenean eta murriztaileenean eta joan-etorrian 2.040 kilometrora dagoen espetxe batean sartuta.

Hori da, hain zuzen ere, espetxearen, urruntzearen eta salbuespenaren eguneroko errealitatea. Julenek etxetik hurbil dagoen espetxe batean egon beharko luke eta osasunerako eskubidea eta tratamendu duina izateko eskubidea bermatzeko une honetan senideekin eta hurbilekoekin egon beharko luke ospitale batean.

Julen Atxurra presaz amaitu behar den errealitate baten adierazgarri garbia da. Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso politiko daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24; Estatu espainiarrean kartzelan dauden presoen %80a etxetik 1.000 kilometrotik 400 kilometrora daude eta Estatu espainiarreko 200 presoetatik 158 1. graduan daude.

Horregatik guztiagatik, jasanezina da ehunka familiek espetxeratze salbuespenari, sufrimenduari eta kostu handiari eustea. Julen Atxurra eta gainerako euskal preso politikoak Euskal Herrira hurbildu behar dira lehenbailehen, atzerapenik gabe. Espainiako eta Frantziako gobernuek gaixotasun larriak eta 65 urtetik gora dituzten presoak askatu behar dituzte. Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira hurbildu beharko dituzte.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!