ETXERATEuskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen 2017. urte bizia izan da, intentsitate handikoa oso. Urrats garrantzitsu askok itxaropenez bete gaituzte gure egunerokotasunari aurre egiteko, baina sufrimenduz islatutako urtea ere izan dela nabarmendu dezakegu.

Urte honetan euskal gizarteak eman duen aurrerapausoa kualitatiboki azpimarratzeko modukoa da. Konpromisoz eta duintasun osoz, estatu espainiarrak zein frantziarrak jarritako traba eta blokeo guztiak gainditu eta bake prozesua beste agertoki batera mugiarazi baitu, inori itxaroten jarraitu gabe. Apirilaren 8a eta Abenduaren 9a horren isla dira, gizarte zibilak gobernu horiei muzin egin eta erresoluzio eta bakearen bidean ibiltzeko grina duela erakutsi du. Duintasun eta konpromiso berberaz EPPK-k bere erabakiak hartu zituen. Eusko Legebiltzarrak eta Nafar Parlamentuak,  Euskal Herriko sindikatuen babes osoarekin, larri eri diren presoen egoeraren konponbidea exijitu zuen. Europar Parlamentuak onartu zuen Bergeron txostena ere badugu. Foro Sozialetik egiten den ausart eta baliotsua. Ekinbide asko egon dira euskal preso politikoen afera astintzeko.

Irakurketa positiboa egin nahiko genuke urte honetaz, baina ezin dugu, ez digute halakorik egiten uzten. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen egoerak berberean dirau. Ez da zentrimetro bakar bat bera ere mugitu, are gehiago, urrunduak dira oraindik ere gure senide presoak. Urte gordina izan da espetxeen barrote barruan zein errepidearen hotzean. Euskal preso politikoen kopurua jaitsi da, bai, baina denak beraien kondena oso-osorik bete dituzte.  6 urte bete direnean ETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuela, adierazgarria da Euskal Preso Politikoen Kolektiboak sufritzen dituen espetxe politika honen salbuespen neurri guztiak aktibo jarraitzen dutela, are gehiago larri eri diren euskal preso politikoak espetxean mantentzeko salbuespen neurriak. Sara Majarenas eta Izar txikia, Oier Gomez, Ibon Iparragirre, Mikel Otegi, Belen Gonzalez, Javier Perez de Nanclares, Kepa del Hoyo... adibide eta ezbehar gehiegi ditugu gure urtekari beltzerako.

Eta bitartean, euskal preso politikoen senide eta lagunok, milaka bisita burutu ditugu, kontaezinak diren bidai amaigabeetan denbora igaro dugu, maite ditugun eta urrunduak diren senide eta lagun presoak bisitatzeko dugun eskubidea bermatua izateko milaka kilometro igaro ditugu Espainia, Frantzia, Portugal, Alemania, Suitza eta Ingalaterrako lurraldeetan. Kontaezinak diren bidai kopuruaz hitz egiten ari gara, astebururo-astebururo paketean maitasuna gorde eta errepidearen atzaparretara jaurtiak garen gorputz torturatuak izanik. Urte luze honetan 9 ezbehar izan ditugu, azkena herenegun gertatu zen. Hilabete eta erdiro ezbehar berri bat, istripu berri bat, biktima berriak eragin ditu dispertsio politikak. 9 ezbehar eta 20 zauritu orotara, horietatik 4 larriki zaurituak.

Azkena, aipatu dugun bezala, pasa den asteazkenean jazo zen. Marta Igarriz preso politiko hernaniarraren ama, izeba eta ahizpa batek sufritu zuten ezbeharra Castello I espetxean bisita egin ondoren itzultzen ari zirela. Arratsaldeko 16:30etan gertatu zen ezbeharra Leitzako bigarren tunela igaro ostean. Elurra egin berri zenez, gurpila eta errepidearen arteko itsaspena ez zen egokiena eta, autoaren kontrola galdu ostean, lehendik bazterbidean istripua izan zuen auto baten aurka jo ziren bortizki. Ezbeharra gertatu ondoren, Marta Igarrizen ahizpa autotik bere kabuz irtetetzeko aukera izan zuen, ondoren ospitalera trasladatua izanik. Izeba ere bere kabuz irten zen, baina ama autotik atera behar izan zuten ezintasuna medio. Izeba eta ama Donostiako Poliklinikara lekualdatuak izan ziren eta, egun, obserbazioan jarraitzen dute.

Istripuaren larritasuna nabarmentzekoa da; Marta Igarrizen amak 6 saihets ditu apurtuak eta 2 orno edo bertebra zanpatuak ditu eta izebak, aldiz, bularrezurran haustura du. Hauek dira dispertsio politika krudelaren emaitzak. Hausturak, mina, sufrimendua, biktimak eta, zoritxarrez, hildakoak. Gogorarazi nahi baitugu dispertsio politikak 28 urte luze amaigabe hauetan 16 hildako biktima eragin dituela.

Urte amaigabea, sufrimenduz tindatutako urtea euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunentzako. Baina ez diogu itxaropenari eta ilusioari muzin egiten, euskal gizartean eta bertako eragile konprometituengan dugun itxaropen eta konfiantza ukigabearekin ekin nahi diogu urte berriari. Hainbeste maite ditugun senide eta lagun preso eta iheslariengan bista kendu gabe, lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu eurak itxaroten jarraitzen dugun bitartean. Hemen izango gaituzue lanean.

Amaitzeko, muxu eta besarkada sentikorrenak Marta Igarrizi zein bere senideei, bereziki ama eta izebari. Etxerat Elkartetik euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunei behar duten babesa adierazten eta ematen jarraituko dugu, duintasun osoarekin, gure azken helburua bete arte:

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

hernani.jpg