oier argazkia.jpg

ETXERAT (2019-I-26). Oier Gomez Mielgo preso politiko ohi gasteiztarra gaur zendu da. Etxerat Elkartetik gure dolumina eta besarkadarik estuena helarazi nahi diegu Oierren senide eta lagunei.

Gaixotasun larri eta sendaezina zuela eta, Oier Gomez apirilaren 27an askatu zuten, bere kondena eta espainiar Estatuak bere aurka ezarritako euroaginduak etetea onartu ondoren. Geroztik, Baionan bizi izan da Oier eta tratamendu egokiagoa jaso izan du bertako ospitalean.

Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten 21 euskal preso politiko ditugu gaur egun eta haiek bizitzen duten egoera azpimarratu nahi dugu; preso hauek behar dituzten zaintza duinak ez dira espetxeetan bermatzen eta haien gertukoekin harremana mantentzea eta laguntza jasotzea ezinezkoa dute, urrunketak zailtzen duelako guztiz. Hori dela eta, aske egotea ezinbestekoa eta euren osasun eskubidea errespetatua izan behar da. 2013an lehenbiziko minbizia jasan zuenetik, Oier Gomez eta bere ingurukoek pairatu duten muturreko egoera ezin da berriro errepikatu.

Horrenbestez, bakea eta konponbidearen bidean, euskal gizarteak eskatzen duen moduan, ezinbestekoa da gaixorik dauden presoen askatasuna, haien etxean egon behar dira inongo baldintzarik gabe, haien gaixotasunek behar dituzten tratamenduak modu duinean jaso ahal izateko. Bada garaia egoera hau behingoz desblokeatzeko.

Euskal preso eta iheslari politikoei babesa eta laguntza emateko lanean jarraituko du Etxerat Elkarteak eta baita euskal gizartearen gehiengoak, zein eragile politiko eta sindikalek defenditzen dutenaren alde ere, hau da, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen, zein adin nagusikoak diren presoen berehalako askatasuna eta urrunketaren bukaeraren alde.