ruben.jpg

ETXERAT. Ruben Garate Otxandioko herrikidea euskal presoek sufritzen duten urruntze espetxe-politikak eragindako biktima gisa aitortu du aho batez Otxandioko Udalak. Horren harira, plazan plaka bat jarri dute haren oroimenez. Ekitaldia joan den larunbatean burutu zen. Hona hemen bertan Etxerat Elkarteak adierazitakoa.

Gaur, Otxandion, Ruben Garate omenez batu gaituen ekitaldi honetan, lehenik Rubenen senide eta lagun guztiei gure besarkadarik beroena luzatu nahi diegu. Eta bestetik, Otxandioko Udalak hartutako erabakia txalotu nahi dugu, euskal presoek sufritzen duten urruntze espetxe-politikak eragindako biktima gisa aitortu nahi duelako Ruben Garate herrikidea.

29 urte pasa dira sakabanaketa politika era sistematiko eta orokorrean martxa jarri zenetik. 29 urte luze. Salbuespeneko espetxe politika honek zigor bat eransten dio espetxe-zigorrari, familia ingurunetik, gizarte ingurunetik eta kultura ingurunetik urruntzea hain zuzen. Eta egungo testuinguruan, ETAren armagabetzea eman zenetik ia urte bete pasa denean, dauzkagun datuak oraindik gogorrak dira: Motibazio politikoko 298 euskal presoetatik 3 bakarrik daude Euskal Herrian. %83a 500 kilometro baino gehiagora dago eta soilik %9a 400 km baino gertuago dago.

Egoera honetan presoen senide eta gertukook urruntzearen ondorioak jasaten ditugu. Inposatu diguten zigorra. Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8. Artikuluak jasotzen duen familia bizitzarako eskubidearen urraketa larriak ezartzen ditu urrunketa politikak.

Urruntzeak lesio fisiko eta psikikoak, sufrikario emozionala eta galera ekonomikoa eragiten ditu. Urruntzeak biktimak eragiten ditu eta eragiten jarraitzen du: Giza Eskubideen urraketen biktimak; hildakoak.

Orain arte 16 pertsonak utzi dute beren bizitza errepideetan, eta arriskua etengabe aktibatua dago; arriskuak ibiltzera derrigortuak gaude; ezin ditugu ekidin. Arriskuan ibiltzearen alternatiba lotura afektiboei uko egitea da, familia izateko eskubideari uko egitea da eta ukazio hori ONARTEZINA da. Alternatiba horren aurrean, bidaiak egitea erabakitzen dugu guk. Gure erabakia da, baina inoiz ez gure erantzukizuna.

Eta argi dago mendeku politika hau indarrean eusteko erabakia Estatuaren erabakia dela. Inork ez du zalantzan jartzen hori horrela denik.

Motibazio politikoko bortxaren testuinguruan EAEn, 1978 eta 1999 urteen artean izandako eskubideen urraketen biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako 2016/12 Legearen irakurketa zabal batek aukera eman behar luke biktima horiek aitorpena eta erreparazioa jaso ditzaten. Hori da Etxerat Elkartetik eskatzen duguna.

Ez dugu minaren sailkapenik edo alderaketarik egin nahi. Baina, aitortu gabeko sufrikario eta kalte konponezinak eragiten ari den egoera bati heldu nahi diogu. Beste gatazka-leku batzuetan sufrikarioaren berdintasun morala deitu izan den horren atzetik gabiltza. Helburu bakarrarekin: inoiz ez dadila berriro errepikatu.   

Horregatik gaurko ekitaldi hau sakabanaketak eragindako biktimen aitortza lortzearen bidean berebiziko garrantzi du eta, dudarik gabe, aurrerapauso nabarmena da hartutako erabakia.

Aitortza, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermearen bidean lanean jarraituko dugu Etxerat elkartean. Guk ere iraganean hitz egin nahi dugulako, bakean eta elkarbizitzan bizi nahi dugulako, baina bereziki urrunketak suposatzen duen erruleta erruziar madarikatu horri aurre egin nahi ez diogulako. Urrunketarekin amaitzeko unea da.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!