Larunbatean zendu zen presoaren aita, eta bere amak ezgaitasun osoa du aspalditik; 2015eko irailean eskatu zuen baimena Arriagak

ETXERAT. Joan den urteko irailean eskatu zuen Rufino Arriaga euskal preso politikoak (Sevilla, 910 km) bere sendia ikusteko lekualdatze baimen berezia, haren senideek hura ikusteko ezintasuna dela-eta: urteak zeramatzaten kartzelara bidaiatu ezinik adinekoak izanik. Duela 3 urte ama ikusteko baimena eman bazioten ere – ezgaitasun osoa du aspalditik -, kartzela zuzendaritza irailean eskatutako bigarren baimen hau ukatzen egon da ordutik. Joan den larunbatean presoaren aita hil egin zen.

Kasu berri hau, euskal preso politikoek zein euren senideek pairatzen duten familia bizitza eskubidearen urraketen soka luzeari gehitzen zaio (azkenak, abenduan Unai Bilbao eta otsailean Ana Belen Eguesena izan ziren).

Audientzia Nazionalak azaroan ebatzitako baieztapena argi eta garbi zalantzan jartzen du enegarrenez egoera lazgarri honek. Honatx erakunde horrek esandakoa:

Espetxera desplazatzeko balizko eragozpen baten (adin kontuagatik, osasun egoeragatik edo arazo ekonomikoengatik) aurrean familiartekoek duten egoera espetxeratuak eska ditzakeen ez-ohiko baimenen bidez konpontzen da, haiek espetxe tratamendu hori bazter badezakete ere; kasu horretan, eskubide hori gauzatzeko eragozpenak eta oztopoak espetxeratuaren beraren borondatearen ondorio izango lirateke.

Urruntzeak bizitza eskubidearen ariketa gauzatzea galarazten du eta presoaren afektibitate loturak mantentzea oztopatu, eta bestetik, presoen eskubidea diren ez-ohiko baimenen ukapenek urraketa hori areagotzen dutelako. Honek guztiak, euskal preso politikoak zein euren senideak elkarrengandik bakartzeko xede garbia agerian uzten du.