ETXERAT. Joan den astean, Algezirasen den Karlos Kristobal euskal preso politikoaren lagunek bisita egiteko oztopatuak izan ziren, aurretik alokatu zuten kotxea entregatzera ukatu ziren ibilgailuen alokairuko enpresa horretako langileak.

Presoaren lagunak Malagaraino joan ziren hegazkinez, hortik Algezirasera alokatutako kotxe batean bidaiatzeko. Record.go agentziara bertaratu zirenean, ordea, langileak kotxea uztera ukatu ziren. Jarrera horren zergatia, poliziak alokairu hori egindako pertsonaren inguruan egin zituen hainbat galdera eta ikerketak dira, langileek adierazi zutenez.

Malaga-Algeziras bidaia horren margen txikiarekin inprobisatu behar izateak, 1100 kilometroko bidai bat egin ostean (itzultzeko ere beste hainbeste izanik), bisitaren galera suposa zezakeen, baina horrez gain, jazarpena bezala izendatu daitekeen egoera batek sorrarazitako urduritasun eta tentsio une arrazoizkoei egin behar izan zieten aurre.

Uste dena baino egoera ohikoagoa da: kartzelarako bidaietan euskal preso politikoen senide eta lagunek jazarpen, hertsapen, mehatxu eta segizioak jasan behar izaten dituzte. Bisitak egiteko desplazamendu luzeei gehitzen zaizkion neke hauek salatu nahi ditu Etxeratek, baita horiek eraginda sortzen den urduritasun eta tentsioa, oraingoan salatzen dugun jarrerek berariaz eragindakoak.