Larriki gaixo dauden 12 euskal preso politikoen egoera oso grabea eta, egunero, okerrera egiten du. Horregatik, Etxeratetik, egoeraren berri eman nahi dugu; egoera zein den argi azaldu nahi diogu euskal gizarteari.
Alarma gorria pizteko ordua da. Larriki gaixo dauden 12 euskal preso politikoek pairatzen ari diren egoera punta puntakoa da. Egoera jasanezina da. Eta etenik ez duen eskubide urraketa; gure eguneroko ogia.
Urte bakar batean hiru izan dira espetxeratuta hil diren euskal preso politikoak. Egun 12 dira larriki gaixo daudenak; puntako egoeran. Minbizi latzak, HIESA eta buruko gaitze grabeen inguruan ari gara eta, horrelako gaixotasunek, espetxean okerrera besterik ez dute egiten. Honen aurrean, senide moduan, lagun moduan edota pertsona moduan ere, gure buruari galdegiten dioguna zera da; 12 preso politiko hauetatik zenbat hil behar espetxean estatuek giza eskubideak errespetatzeko? Zenbat preso aurkitu behar dituzte hilik Euskal Herritik ehundaka kilometrotara espetxe politika krudel hau bertan behera uzteko behingoz?
Espainia eta Frantziako gobernuek mina eta samina zabaltzen jarraitzen dute; mesede politiko eta elektoralak lortzeko, sufrimendua sortzen. Espetxean mantentzen dituzte 12 euskal preso politiko hauek, jakinda euren gaixotasunak espetxean okerrera egingo dutela. Ez hori bakarrik; gaixo egonda ere, neurririk krudelenak aplikatzen dizkiete. Ehundaka kilometroetara dispertsatu, bakartu, isolatu edota euren gaitzek okerrera ez egiteko behar dituzten tratamenduak ukatu edo zailtzen.
Erabaki politiko bat dago honen guztiaren atzean. Mina eta samina luzatzeko erabaki politikoa. Datuak begiratzea besterik ez dago honen berri izateko. 2008 eta 2011 urteen artean 12 izan ziren espetxeratze arindua lortu zuten euskal preso politikoak. Espetxeratze arindua gaixo zeudelako; larriki gaixo zeudelako eta euren gaixotasuna erarik eta duienean bizitzeko kalean egoteko eskubidea dutelako.
2011 - 2014 urteen artean erabaki politiko bat hartu dela nabaria da. Bake prozesua zein ETAren su etenaren erabakiaren ostean, egoerak okerrera egin du. Larriki gaixo dauden euskal preso politikoek ez dute, ordutik, espetxe arindua lortzeko inongo aukerarik. 14 izan dira 2011 urtetik tramitatu diren askatasunak eta bakarra izan da onartua.
Onartu egin bazuten ere, gutxira, askatasun hori bertan behera utzi eta… presoa espetxeratu egin zuten berriz ere. Ez hori bakarrik, aurretik emanda zegoen Ibon Iparragirreren askatasuna bertan behera utzi eta Ibon espetxeratu egin dute; gaixo dagoen pertsona bat, espetxera eraman dute bere egoera hobetu ez den arren. 2011ko erabaki bat atzera bota zuten.
Argi dago presoak ez kaleratzeko erabakia erabat politikoa dela eta, euren eskubideak edo osasun egoera ez direla kontutan hartzen.
3 preso politiko hil dira urte bakar batean. Beste 12k pronostiko latzak dituztebaina euskal preso politikoentzako ez dago Vera, Rodriguez Galindo eta Barrionuevo bezalakoek izan dituzten askatasun humanitarioak.
Kasu latz bezain larriak. Angelita Burgoak ongi baino hobeto ezagutzen duen Ibon Iparragirre bere semearen kasuak bezain latzak.
- Angelita Burgoa
Minbizia, ictusa edo osasun arazo grabe bat sufritu duen edonork ondo daki hainbat tratamendu ezin direla edonola egin. Nola osatu zikinkeria besterik ez dagoen espetxe batean? Ez al da aski gogorra radioterapia eta kimioterapia saio bat hura eskuburdinekin pairatu behar izateko?
Argigarria da ere ikustea nola espetxe politika gogortu eta krudeltu egin den ETAk bere ekintzak desagerrarazi ostean. Sufritzen ari garen biolentzia, sortzen duten min horrek ez du etenik izan baina, egun, handitu besterik ez dute egin. Espetxe politika mendekuan oinarritzen ari dira; zentzurik ez daukan mendekuan eta hildako asko sorrarazi dituen mendekuan. Helburu politiko zehatz batzuen pean ari dira hau guztia egiten. Euskal gizarteak, sindikatuek, alderdi politiko zein eragileek ezin dute hau onartu. Aski da!
Pairatzen dugun biolentzia eteteko garaia da. Dispertsioak eragiten duen minarekin amaitzeko ordua.
Zertara ari dira itxaroten politika basati honi amaiera emateko?
Etxeratetik ardurarako deia luzatu nahi dugu.
Horregatik prentsaurreko hau. Euskal gizarteak hamaika aldiz eskatu du salbuespeneko politiken amaiera. Eta bukaera emateko unea da.
Hau guztia, Arkaitz Bellon kalera atera behar zen astean. Edota Ventura Tomeren familiari minbiziaz Nafarroako Parlamentuan hitz egiteko aukera debekatu diotenean.
Bukatzeko, euskal gizarteari, maiatzaren 31rako Ondarru eta Baionan deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu.
Aski da! Etxean eta bizirik nahi ditugu!