ETXERAT. Agurtzane Delgado, Granadan, bere bizilekutik 780 kilometrotara dagoen euskal preso politikoa Zaballako kartzelara izan zen lekualdatua joan den maiatzaren 23an. Lekualdaketa eskaera presoak berak egin zuen duela hilabete batzuk bere ama ikusteko, adinekoa izanik ezinezkoa zaiolako Granadara joan eta bueltatzeko beharrezkoak diren 1500 kilometroak egitea. Behin Zaballan, Delgadok bere ama bisitatu zuen zainduta, ordubetez, Eibarren.

Presoak maiatzeko vis a vis komunikazioa eta ondoren ekainekoa eskatu zituen Arabako kartzelan. Kartzela araudiak jasotzen duenez, gutxienez hilean behin gisa honetako bisita bat egiteko eskubidea dauka. Haatik, kartzelako zuzendaritzak ez zituen zegozkien hilabeteetarako baimendu, eta uztailaren 2 eta 5erako onartu zizkion. Atzo lekualdatu zuten berriz Agurtzane Delgado Granadara, eta horrek bistan uzten du bi hilabete horietako visak atzeratzeak hauek ez gauzatzea zuela helburu.

Etxeratek Zaballako kartzela zuzendaritzaren jarreraz ohartarazi nahi du. Behingoagatik Agurtzane Delgadoren senideek 1500 km baino gehiagoko bidaia ez egiteko aukera zutenean prozedura irregular bat erabili du presondegi horrek. Egintza hauek dira beste behin kartzela politikaren nahia agerian uzten dutenak.

Horrez gain, Zaballan zen bitartean, nazioarteko araudiak eta egungo legediak jasotzen duten bezala, bere bizilekutik gertu den kartzela horretan geratzeko eskaera egin zuen. Inolako erantzunik jaso gabe euskal preso politikoa Granadara izan da berriz lekualdatua, atzo hain zuzen. Honek agerian jartzen du euskal preso politikoen eskaeren izaera era batekoa zein bestekoa izan, kartzela agintarien erantzuna orokorra eta sistematikoa dela.