Zapikateak

ETXERAT. Gaur goizean eta Legebiltzarra atzean zuela, datorren abenduaren 10erako, Giza Eskubideen nazioarteko eguna izaki, Zapikateak bezala ezagututako giza kateak antolatu ditu berriz Etxeratek, eskubideak urratzen dituen dispertsioaren aurka. Iruñea, Gasteiz eta Baionan egingo dira, eguerdiko hamabietan denak. Beste gauzen artean, Giza Eskubideen eguna "beste lanegun" batean bilakatzeko borondatea agertu du elkarteak, dispertsioaren izaera urratzailea salatzeko beste egun bat. Jarraian Patrizia Belez eta Naike Diez elkarteko kideek egindako adierazpenak dituzue:

 

"Datorren abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren deklarazioa ospatzen da: 30 artikuluz osaturiko enuntziatu bat, non Nazio Batuen Batzar Nagusiek dioten bezala, “Herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek eta bai erakundeek eskubide hauen errespetua zein askatasuna eta hauen aitortza eta ezarpen unibertsal eta eraginkorraz sustatzea duen helburu.”


Nazio Batuen partaide diren estatu frantses eta espainiarrari hurrengoa galdegin nahi diegu: ospatu egingo al dute euren erakundeek Giza Eskubideen Nazioarteko eguna? Ospatzeko arrazoirik ez dutela gogorarazi nahi diegu. Espainiako eta Frantziako estatuei bide luzea geratzen zaie giza eskubideen errespetua sustatzeko eta haien aitortza bermatzeko. Eta are bide luzeagoa geratzen zaie giza eskubideen ezarpen unibertsala eta eraginkorra egiteko.


Gure segurtasun propiorako eskubidea, osasun eskubidea, tratu anker, ez gizatiar edo umiliagarriak ez jasotzeko eskubidea, gure bizitzan, familian, komunikazioan esku-hartze arbitrarioak ez izateko eskubidea; familiaren babes eskubidea, diskriminazio ororen aurkako babes eskubidea... egungo dispertsio politikarekin, euskal gizartearen zati baten eskubideak trukerako txanpon bilakatu dira. Dispertsioarekin, 27 urte bete dituen salbuespeneko espetxe politika batekin, izaera unibertsala kendu diete giza eskubideei eta sari eta zigorren joko pribatu bilakatu dituzte estatu espainiar eta frantsesak.


Guk, euskal preso politikoen senide eta lagunok, zuzenean pairatzen ditugu dispertsioaren ondorioak. Guk, euskal herritarrok, sari eta zigorren joko hau martxan nola jartzen den ikusten dugu, istripu berri batek zauritu eta erakundeengana joaten garen bakoitzean, gure eskubideen urraketa salatzen dugun bakoitzean, dispertsioak umeengan dituen ondorioak salatzen ditugun bakoitzean. Hori ikusten dugu, indar politiko batzuek gure kartzelatutako senideekin nola jokatu behar dugun adierazten digutenean.


Euskal gizartea, herritarrak, eragile sindikal, sozial eta politikoak deitu nahi ditugu gaur, denon ardura eta borondateak estatuen arduragabekeriari eta borondate faltari aurre egin diezaion. Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, Zapi Kateak eratuko ditugu Iruñea, Gasteiz eta Baionan, gure eskubide urraketak salatzeko. Zapi Kate hauekin, pertsona guztien eskubideak errespetatuak, aitortuak eta ezarriak izateko beste lanegun batean bihurtuko dugu Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, konpentsazio eta baldintzek lekurik izan ez dezaten: eraginkorki eta unibertsalki, diren eskubide bezala eta inoiz ez, sari bezala".

 

Zapikatekartela