Euskaraz    Español    Francais

Urte ankerra izan da atzean utziko dugun 2014a. Sarekada eta preso berriekin hasi zen urtea, beltzez tintatu zen Arkaitz Bellon euskal preso politikoaren heriotzarekin. Etxetik, Euskal Herritik 1200 kilometrotara hil zen gaztea; autobus bat edo kutxazain bat erretzeagatik, 13 urteko kondena, kondena erabat astronomikoa zuen gaztea. Kalean behar lukeen eta Andaluzian joan zitzaigun gaztea.

Arkaitz Bellonek tratu txarrak eta jipoiak pairatu zituen Algeciras, Puerto I eta Sevilla espetxeetan. Bere heriotza "heriotz natural" gisa definitua izan zen eta, agian, naturala da, bai. Ezer naturalagorik baino hiltzea pertsona fisikoki eta psikologikoki suntsitzea helburu duen espetxe politika baten menpe zaudenean. Arkaitz-i gertatutakoa, sufrimendua sortzea helburu duen espetxe politikaren ondorio zuzena da. Fisikoki hil zuten Arkaitz baina, psikologikoki presoak ahultzeko isolamendu basatia da Espainiako erreinuak eta Frantziako errepublikak erabiltzen duten tresna. Presoa, asteak eta asteak beste inor ikusi gabe izatea egon daitekeen kastigurik krudelenetakoa da; eta horrela izan dituzte, besteak beste, Jon Enparantza edo Arantza Zulueta abokatuak. Ia egun osoa ziegan, patioan apenas ordu batzuk eta beste inorekin kontakturik izan gabe.

10 istripu zenbatu behar izan ditugu 2014 urtean. Hilabeteak pasa ahala, kopurua nola handitzen zen ikusi behar izan dugu. Eta istripu hauen aurrean, erantzukizun politikoa duten istripu hauen aurrean, alderdi politikoek ez dute eskatu behar zaien maila politikoa erakutsi. Giza Eskubideak urratzen zaizkigulako gertatu dira istripu hauek. Non daude, istripu hauen aurrean, alderdi politikoen hitzak? Non daude dispertsioak eragindako istripu eta zaurituen aurrean alderdi politikoen ekintzak? Istripu hauek ez dira kasualitatea; kausalitatea baizik. Dispertsio politikak, 2014an 36 egunetik behin istripu bat eragin du. Arduraz jokatzea, hitzak eta ekintzak exijitzen dizkiegu alderdiei. Baina ez hori bakarrik, senide izatea gutxi balitz, errepidetara kondenatuak egotea gutxi balitz, gure aurkako jazarpena pairatu behar izan dugu. Indar polizialen kontrol, mehatxu eta jarraipenetara.

Egun, 463 euskal preso politiko daude Espainia, Frantzia, Inglaterra, Portugal eta Alemaniako espetxeetan. Espanian, 356 preso daude 44 espetxeetan barreiatuta. 98 dira Frantziako 28 espetxeetan barreiatuta daudenak. Euskal preso politikoen % 42a 800 eta 1100 kilometroen artean dago dispertsatua. 194 pertsona guztira. Hau da euren senide eta lagunek 800 kilometro baino gehiago egin behar dituzte maite duten pertsona bisitatu ahal izateko. Bigarren multzoan, 790 kilometroen artean dispertsatua daudenen multzoan, euskal preso politikoen %37a dago, hau da, 168 preso guztira.

Bederatzi preso dira; larriki eri egon arren, hau da, gaixotasun sendaezinak pairatu arren, espetxean mantentzen dituztenak. Non daude euren Giza Eskubideak? Krudela, gupidagabekoa da larriki eri dauden preso hauekin daramaten espetxe politika. Horregatik, Frantziak Ibon Fernandez Iradi-ren kasua hartutako erabaki zinikoa salatu beharra daukagu. Esklerosi anizkoitza duen preso baten hirugarren azterketa bat eskatu eta, bitartean, preso mantendu? Osasun Eskubidearen kontrakoa berriz ere. Basakeria ere Espainiak, HIESA C estadioan duen Ibon Iparragirre bat berriz espetxeratu izana –baita dispertsatu ere- edota Txus Martin eta Aitzol Gogortzaren kasuak; ankerkeria.

Baina egoera gehiago ozpintzeko, Frantzia eta Espainiak zurrumurruak areagotu dituzte gainera. Orain, Frantzian kondena betetzen ari diren presoak espainiaratzeko ituna sinatu dutela dirudi; Europako akordio bat baliatuz, presoak espainiaratu eta akordio horretako izpirituari tranpa egiteko. TRANPA. Akordio horrek presoak euren hizkuntza, kultura eta gizartera gerturatzea du helburu baina, zein da espainiaren asmoa presoak espaianaratzearekin? Geruratzea eta dispertsioarekin amaitzea ala euskal preso politikoak Afrikara bidaltzea, Algecirasera, adibidez? Frantziako Justizia Ministroak, Taubira andereñoak, Giza Eskubideen urraketa hau onartuko al du? Ala presoen iritzia errespetatzearen alde egingo du?

Aditua da Espainia tranpetan. Doktrinarekin Estrasburgoko Auzitegiak kondenatu egin behar izan zuen, oraingoan ere, Europako beste akordio bat ez betetzeko injenieritza juridikoetan ari da eta, gai honen aurrean ere, giza eskubideak eta Europako Akordio horren izpiritua errespetatzeko borondatea izango ote du?

Hauexek dira, besteak beste, 2013ko Nazioarteko Giza Eskubideen Egunetik, 2014 urteko Nazioarteko Giza Eskubideen Egunera jazo ditugun Giza Eskubideen urraketak. Umeen eskubideak urratu dira, aitatasun eta amatasun eskubidea urratu da, osasun eskubidea urratu da... Hauxe gure balantzea eta urraketa hauek dira hain zuzen Iñigo Urkullu Lehendakariari helaraziko dizkiogunak.

Giza Eskubideekiko Konpromisoa eskatzen dizkiegu eragileei. Giza Eskubide guztien urraketekin amaitzeko konpromisoa; Nazioarteko Giza Eskubideen Egunaren atarian.