Deportación _mapa 1.jpg

ETXERAT (2019-IV-11). Etxerat Elkarteak Joxe Angel Urtiaga deportatu santurtziarraren senideek jasaten ari diren egoera publikoki salatu nahi du, Joxe Angel bisitatu ahal izateko, Euskal Herritik Cubara bidaiatzea ukatu baitzaie.

Debeku honen jatorria Estatu Batuetako administrazioak ezarritako betoan dago, Bittor Urteagari bertako aire-espazioan hegan egitea debekatzen diona, honek senideek Cubara bidaiatu ahal izatea progresiboki zaildu du. Debeku hau Bittor Joxe Angelen anaia izateagatik dator, besterik ez. Bittor Urtiagari egotzi ahal zaion delitu bakarra hori da, Cuban dagoen deportatu baten senidea izatea. Ez dago beste arrazoirik. Euskal preso, iheslari edo deportatu politikoen senide izatea ez da eta ezin da delitutzat hartu.

Hau dela eta, Joxe Angel Urtiaga eta bere senideak jasaten ari diren egoeraren salaketa publikoaren bitartez, Venezuela, Cuba, Sao Tomé eta Cabo Verden deportatuakdauden beste 11 euskaldunen, eta haien senideen, egoera ere gogorarazi nahi dugu. Duela 34 urtetik hona, salbuespenezko neurri hau martxan jarri zenetik, munduko leku ezberdinetara deportatuak izan diren Euskal Herriko biztanleen kopurua 70era iritsi da, haietako 11 deportazioan hil direlarik.

Euskaldunen deportazioak defentsa aukerarik gabe, ezta inongo oinarri juridiko edo legalik gabe ere, ezarri zirela gogorarazi nahi dugu. Urte guzti hauen ondoren, euskal deportatuak linbo juridiko batean aurkitzen dira; antolamendu juridikoan irudihau ez da agertzen, beraz, deportazioek ez daukate sostengurik oinarri juridikoetan ezta administratiboetan ere. Gainera, deportazioa zigor gehigarria da, ezartzen den momentutik hasita igarotzen den denbora ez baita zenbatzen.

Euskal deportatu politikoen lagun eta senideok milaka eta milaka kilometro egitera behartuta gaude maite ditugun pertsonekin lotura afektiboa mantendu ahal izateko. Egoera honekin amaitzeko garaia da. Lurralde ezberdinetara bidaiatzeak suposatzen duen gastu ekonomiko handia nabarmena da, eta nola ez, pairatzen dugun sufrimendua eta bidai hauek prestatzea eta gauzatzeak dakarren higadura fisiko eta psikologikoa. Behartutako bidaiak dira, maite ditugun pertsonekin kontaktua mantendu ahal izateko, eta Bittor Urtiagaren kasuan, egoeraren krudeltasuna bikoizten da, bidaiatzea debekatzen baitiote.

Kasu gehienetan, deportazioak estatu espainiarrak eta frantsesak beste lurraldeetako aldebiko akordioetan oinarritzen dira. Euskal Herriak bizi duen testuinguru politiko berrian, egoera hau behin betiko desblokeatzeko garaia da. 34 urte eta gero, egoera bidegabe honekin amaitzeko eta euskal deportatu politikoak Euskal Herriratzeko eman beharreko pausuak behingoz eman daitezen eskatzen du Etxeratek.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!