ETXERAT (2019-VII-20). 11/13 Sumarioan auziperatuak dauden 47 euskaldunek agerraldia egin dute Donostiako Alderdi Ederren beraiez gain, euren seme-alabek sufritzen ari diren zigorra salatuz. Salaketaz gain, 300 espezialista, psikologo eta adituren atxikimenduak jaso dituzte; argitara emanez beraien seme-alabei eragiten ari dioten sufrimendua ikuspegi sintomalogikotik. Hona agerraldiko adierazpen osoa:

Irailaren 16an, euskal presoen eskubideen aldeko jardunean aritu izan garen 47 euskal herritarren aurkako 11/13 makroepaiketa hastekoa da Entzutegi Nazionalean. Gure jarduna publikoa eta irekia izan da, Euskal Herrian bakea eta konponbidearen aldeko haizea, eremu anitzetatik zabaltzeko ahalegina egiten ari zen momentu batean. Iraganeko sufrikarioak, etorkizun hurbil batean gainditzeko lanean genbiltzan.

47 lagunok ingurune zabala dugu alboan; komunitate, familia eta lagun artean. Asko, gurasoak ere bagara, eta gehienok adin txikiko umeak ditugu gure kargura: 38.

Hain zuzen ere,gure seme-alaben gaineko kudeaketa, burukominik handiena bihurtu da auzipetu askorentzat. Zer esan, noiz esan, nola esan; halako batean, momenturen batean, aita edo ama etxetik falta daitekela denbora askorako.

Epaia jasotzerako, jadanik zigorra pairatzen ari garela sentitzen dugu. Etxeetako urduritasuna umeengan eragina izaten hasi dela nabaritzen dugu, eta zigortuak izanez gero, egoera ezineramanak sortu ditzazkeen ondorio larriak kezka eragiten digu.

Prozesuak eragin ditzakeen kalteak zehazki jasotzeko, psikologia eta haur hezkuntzaren eremuan lanean diharduten zenbait profesionali laguntza eskatu diogu. Dossierraren nondik norakoak esplikatuko ditu orain psikologoak:

Nagusiki, eta kasu guztietan, erreferentziazko pertsona baten galerak ondo antolatutako familia batera desegituraketa bat ekartzen du. Sintomatologiari erreparatuta 3 epe bereizi daitezke:

Epaiketa aurretik, helduen estresak ezinegona eta antsietatea sortzen ditu seme-alabengan. Eta gauzak hitzez azaltzeko zailtasunak besteak beste.

Epaiketak iraun bitartean aurreko sintomak sakondu egiten dira. Gurasoak hedabide publikoetan agertzeak eta Entzutegi Nazionalerako joan-etorriek estresa handitzea dakarte, irudia gutxiestearekin batera.

Balizko espetxeratzeak sintomatologia zehatzagoa ekarriko luke. Haurrak ez du ulertzen erabat gurasoaren absentziaren arrazoia, eta pasa beharreko doluan zuzenean eragiten dio. Depresioa, abaildura, esperantza eza, eta muturreraino jo ez gero, suizidioaren idea garatu ditzazke.

Gainera, azpimarra jarri nahiko genuke gaixotasuna eta ezintasuna duten auzipetuen bi haurrengan. Haur hauek arreta eta zaintza berezia behar dute, eta gurasoetako baten espetxeratzeak erremediorik gabeko ondorioak izan ditzake beraiengan.

Makro-epaiketa honek, izatez, ez du zentzurik. Euskal jendarteko esparru zabaletik esan den bezela, auzia bertan behera geratzea eskatzen dugu; konponbideari eta etorkizunari ateak irekitzea galdegiten dugu. Gurasoek ez dute espetxera joan behar, 38 haur hauek ez dute espetxe politikaren gurpilean sartu behar. Ez dute motxiladun ume bilakatu behar.

Zentzuzkoena, beraien gurasoen bueltan lasai garatzea da, parkean jolastea, eskolan ikastea, atrakzioetan gozatzea, ipuinak irakurtzea, pailazoen ikuskizunetan barre egitea; inolako gainkargarik gabe.

Etorkizuna aurretik dute.

2019-07-20 Sumarioa prentsaurrekoa motxiladu haurrak 02.jpg