65 preso (17 gehiago Frantzian) EHtik kanpo daude; urruntzeari stop!

ETXERAT (2022-VI-20). Gaur egun, EPPK-ko 183 presoetatik 65 (eta 17 gehiago Frantziako Estatuan) Euskal Herritik kanpo daude oraindik, espetxe periferikoetan eta oraindik urrun dauden beste espetxe batzuetan sakabanatuta,

Dagoeneko ia bi urte igaro dira 2020ko uztailean lehen presoak euskal espetxeetara hurbildu zituztenetik.
 
Zalantzarik gabe, egoera, oro har, hobera aldatu da, eta aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari dira. 101 preso daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan. Ez dago jada euskal preso politikorik lehenengo graduan, eta gaur egun, 20 preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi baino gehiago baimenekin ateratzen ari dira espetxetik. Aurrerapenak dira zalantzarik gabe, nahiz eta lege arrunta aplikatuz gero, euskal preso gehienak atera beharko liratezke modu batera edo bestera.

Baina egiaztatu behar dugu ez dela dispertsioaren eta urruntzearen zikloa behin betiko itxi. Denbora luzatzen jarraitzen dute eta euskal presoei eta haien senideei ez zaie errespetatzen ingurunearekiko hurbiltasuna, familia eta afektu-loturari eutsi ahal izateko, azken helburu naturala berrezartzea izanik. Eta ez dezagun ahaztu, gainera, pandemiak espetxeetan izan duen eragin erantsia. Espetxeak erabat ixtea, bisita intimoak, familiakoak eta mintzatoki bidezko oinarrizko komunikazioak etengabe etetea. Luzaroan besarkadarik eman gabe seme-alabei eta maite duten personeei. 

2020ko eta 2021eko udetan EAEko eta Nafarroako espetxeetara egindako hurbilketak eta espetxe periferikoetara egindako lekualdatzeak ia astero egin baziren ere, gero hilerokoak bihurtu ziren eta orain askoz gehiago atzeratzen dira denboran. 2020ko uztailetik 2021eko uztailera bitartean, 234 iragarki egin ziren hurbilketa, lekualdatze edita gradu-aldaketekin; kopuru hori 53-era jaitsi zuen SPKSak 2021eko abuztutik orain arte. 2022ko apirilaren amaieratik ez da inolako hurbilketarik edo mugimendurik izan.

Gainera, hainbat preso mantendu dira EAEtik eta Nafarroatik kanpoko espetxeetan, haien eta espetxeen borondatearen aurka. Kasu batzuetan, sei hilero ukatu zaie gertuago dauden espetxeetara eramateari, 3 eta 4 aldiz ere bai. Gainera, kartzela periferiko horietan komunikazioen interbentzioa mantentzen da, iraganeko beste inertzietako bat.

Topas, Mansilla, Dueñas, Estremera, Alcala, Asturias, Daroca, Zuera, Soria, Burgos, Logroño eta El Dueso, urrutiko espetxeak dira eta premiazkoa eta beharrezkoa da urruntzeari eta sakabanatzeari behin betiko amaiera ematea. 35 urte baino gehiago dira senide eta lagunok egoera bidegabe eta ezohiko hori pairatzen ari garela. Eta berriro diogu, errepikatzen diren gezurren aurrean, ez gara onurez ari. Preso guzti-guztien hurbilketaz ari gara, garaia delako. Salbuespen-politika desagerrarazteaz eta lege arrunta aplikatzeaz ari gara. Eskubideez ari gara, legean jasota dauden eskubideez.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!