Kepa Arkauz euskal preso politikoa erasotu egin dute Parisko Justizia Jauregian

 

  • Arrasatearrak zelda partekatzeari uko egin zion.
  • Uztailaren 16an gertatu zen erasoa, Le Vert epaileak deituta, Parisera eman zutenean.


ETXERAT. Kepa Arkauz arrasateko euskal preso politikoari eraso egin zioten Parisko Justizia Jauregiko gendarmeek iragan uztailaren 16an. Le Vert epaileak deituta entzutegira eraman zuten euskal herritarra galdeketa egiteko. Bertara iristean funtzionarioek probokazioekin hasi zitzaizkion, “ez nengoela nire etxean, bertan beste euskaldunik ez zegoela” - horrelako aipamenak eginez; Igor Uriarte bertan egon arren.

Preso arrunt batekin zelda partekatu behar zuela esan ziotenean, arrasatearrak, ukatu egin zuen. Beraiekin hitz egin eta bakarrik geldituko nintzela aipatzean zeldan sartu zen baina, momentu hori probestu zuten preso arrunta ere zelda berdinera sartzeko. Jabetzean kanporantz bultzaka hasi zen eta lau funtzionarioren artean heldu zuten orduan. Funtzionarioetako betek besoa lepotik bueltan pasatu eta gogor estutzen hasi zitzaion, ito nahian bezala. Bitartean besteek eskuetatik heldu eta lurrera botatzen saiatu ziren. Lauen artean helduta ere zeldatik irtetea lortu eta atetik 5 m aldendu zen. Lurrera erortzen ez zela ikusirik, bertan askatu eta tonu gogorrean elkarrizketa bat izan zuten.

Erabakiz aldatuko ez zuela jabeturik, bakarrik utzi zuten zeldan. Oihu eta zaratak entzunda goiko pasiloko ziega batean zegoen Igor Uriarte deika hasi zitzaion. Orduan, komunikazioa eteteko, elkarrekin ez hitz egiteko, beste galeria batera mugitu zuten.

Erasoaren ondorioz lepoaren atzealdean atzamarkada bat eta ubeldura txiki bat izan ditu.


Arkauz bakartua, Villepinte-ko espetxean

Bestalde, ekainaren 6an Iñaki Dominguez espainaratu zutenetik Arkauz bakartuta dago Villepinteko espetxean, gainontzeko kolektiboko kideengandik baztertuta. Sei aste hauetan Le Vert epailearekin kontaktatu arren, egoera ez da aldatu.

Epailearen bulegoan egonik, gaiarengatik galdetu zuen zuzenean eta oraindik arrasatearrarekin zer egin erabaki gabe duela erantzun zion. Hori dela eta, Kepa Arkauzek, hurrengo asteetan egoera luzatuz gero borrokaldi bat hasteko asmoa duela iragarri du.