​ETXERAT. Joan den otsailaren 17an, bere aita ikusteko eskatu zuen baimena ukatu zioten Ana Belen Egues euskal preso politikoari. Cordoban dago preso Egues (810 km) eta duela hamar urte ikusten ez duen bere aita bisitatzeko baimena ukatu zion Espetxe Zuzendaritzatik. Baimen berezi hori ez da kartzelatik ateratzeko, baizik eta Euskal Herriko espetxeetara behin-behineko lekualdaketa bat izateko baimena (familia egoera larriak ematen direnean eskatzen dituzte presoek). Kasu honetan, Ana Belen Eguesek baimenaberezia eskatu zuen bere amaren bat-bateko heriotzaren ondorioz, 1620 kilometroko bidaia burutu ezin zuen bere aita adindua ikusteko.

Abenduaren hasieran Unai Bilbao euskal preso politikoaren kasuan bezala, urrunketak familia bizitza eskubidea urratzen ez duela mantentzeko Audientza Nazionalak esandakoa zalantzan jartzen da horrelako kasuekin. Horra Audientzia Nazionalaren hitzak :

Espetxera desplazatzeko balizko eragozpen baten (adin kontuagatik, osasun egoeragatik edo arazo ekonomikoengatik) aurrean familiartekoek duten egoera espetxeratuak eska ditzakeen ez-ohiko baimenen bidez konpontzen da, haiek espetxe tratamendu hori bazter badezakete ere; kasu horretan, eskubide hori gauzatzeko eragozpenak eta oztopoak espetxeratuaren beraren borondatearen ondorio izango lirateke.

Estrasburgoko Auzitegia familia bizitzaren urraketa suposatzen duen presoen urrunketaren kontra jadanik agertu dela oroitarazi nahi dugu, Ukrainiaren kasuan, adibidez. Amaitzeko, presioa eta xantaia areagotzeko familia egoera larrien erabilpenaren inguruan epaitegi espainol horrek erakusten duen onarpen inplizitua azpimarratu nahi dugu.