ETXERAT. Basauriko espetxean preso den Aitzol Gogorzaren senideek Etxerati jakinarazi diotenez, Basurtuko ospitalean ingresatua izan da gaur goizean.

Euskal preso politikoak desoreka obsesibo-konpultsiboa pairatzen du sintoma psikotikoekin. Azken bi hilabetetan seigarren aldia da Aitzol Gogorza ospitaleratzen dutela. Azken honekin gainera, espetxetik larritasunez 28 aldiz ospitaleratua izan da Aitzol. Ordea, espetxe politikaren ezohikotasunak bere egoerari dagokion askatasuna ukatzen dio, gainontzeko euskal preso politiko gaixoei bezala.

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna ukatzea, dispertsio politikaren baitako salbuespen neurrietako bat da, eta horrekin, presoen osasun eskubidea urratu eta haien senide eta lagunen oinazea areagotzen duela nabarmendu nahi dugu Etxerat Elkartetik

Atzo modu publikoan esan genuenez, euskal gizartearen gehiengoaren borondateari erantzunez, Aitzol Gogorza eta larriki gaixo diren euskal preso guztiak askatzeko, dispertsioa eta urruntasunarekin amaitzeko, eta pertsona guztien eskubideak errespetatzearen alde, ezinbestekoa dugu alderdi politiko, sindikatu eta eragileekin batera Akordio Soziala abiatu. Horretan arituko gara datozen hilabeteetan, behingoz, espetxe politika honekin amaitzeko.