ETXERAT. Aitzol Gogorza (Basauri), larriki gaixo dagoen presoaren abokatuek Etxerati baieztatu diote joan den abuztuaren 6ean gose greba hasi zuela. Presoak espetxetik atera dezaten eskatzen du protesta neurri horren bidez, egungo legediak gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan adierazten duena bete dadin.

2014ko apirilaren 11ko datarekin, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) txosten baten arabera, Aitzolek eboluzio kronikoa eta ezgaitasunezko Obsesio Konbultsio Desoreka du. Honi lotutako Desoreka Depresiboa ere badu, autolisi arriskuarekin (bere buruaz beste egiteko ideia). Hau dela-eta, behin baino gehiagotan larritasunez ospitaleratua izan da.

Aitzol Gogorzak, duen 20 urteko kondenako 17 urte bete ditu dagoeneko. Presoak ohiko baimenak eskatu izan ditu, baina Basauriko espetxeko erregimen batzarrak ukatu egin dizkio. Erabaki horien aurrean bere abokatuek errekurtsoak jarri izan dituzte Kartzela Zaintzako epailearen aurrean.

Gose grebak Aitzolen osasunean sortu dezakeen kaltearengatik kezka agertu nahi du Etxeratek, eta presoen osasun eta bizitza ardura Kartzela Erakundeak duela gogorarazi nahi dugu.

Era berean, elkarteak gogorarazi nahi du ere, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna ukatzea, dispertsio politikaren baitako salbuespen neurrietako bat dela, eta horrekin, presoen osasun eskubidea urratu eta haien senide eta lagunen oinazea areagotzen duela.