- Preso sozial batek jipoitu zuen Iparragirre espetxeko patioan zegoela
- "Osasun egoerak argi uzten du kalean behar duela egon, bere osasunak onartzen duen traslado bakarra Ondarru bidean jarriko duena dela" azpimarratu du Etxerat elkarteak

ETXERAT. Preso sozial batek Ibon Iparragirre larriki eri dagoen euskal preso politikoa jipoitu zuen atzo. Horren ondorioz, erizaindegian dago Iparragirre atzoz geroztik. Etxerat elkarteak gertaeraren inguruko datu zehatz gehiagorik ez badu ere, elkartearen aburuz, Iparragirreren egoerak argi uzten kalean behar duela egon; larriki eri dagoelako, kalean egoteko eskubide osoa duelako.

Ibon Iparragirreren osasun egoerak onartzen duen traslado bakarra Ondarru bidean jarriko duena da; etxera bidean jarriko duena. Noiz arte? Noiz arte urratuko dira Ibon Iparragirreren Giza Eskubideak? Noiz arte urratuko da Osasun Eskubidea?

Egoera oso larria da. Ibon Iparragirre eta larriki gaixo dauden euskal preso politikoekin estatuek hartu duten jarrera krudela da, basatia. Gogoratu beharreko datua da Ibon egun gutxi daramatzala Alacala Meco-ko espetxean, bat batean, espetxe hontara eraman zutenetik. Iritzi medikorik gabe eta Navalcarneroko espetxean lasaiago aurkitzen hasita zenean.

Horregatik, horren aurrean, Etxerat elkarteak, larunbat honetarako preso gaixoen senide eta lagunek deitu duten manifestaldiarekin bat egin eta bertan parte hartzera deitzen du euskal gizartea.

Larunbatean, manifestaldia, arratsaldeko 17.30etan izango da eta, Bilboko Sagrado Corazon-etik irtengo da.

Era berean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean Etxeratek deitu dituen Zapi-Kateetan parte hartzera deitu nahi du euskal gizartea. Iruñean, Gasteizen edo Baionan baina Giza Eskubideen etemgabeko urraketa pairatzen ari garen honetan, Etxeratek, euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunok kaleak hartzeko deialdi berezia luzatu nahi diogu euskal jendarteari.