Euskal Herritik hurbildua izan eta beste euskal preso politikoak dauden espetxe batera lekualdatu zezaten protesta abiatu zuen joan den hilean Zobaranek. Joan den astean, orduan beste euskal presorik ez zegoen Valence-ko kartzelara lekualdatuko zutela jakinarazi zioten eta ondorioz gose greban jarri zen.

 

ETXERAT. Lyon-Corbas-eko espetxean (950 km) dagoen Aletxu Zobaran Arriola euskal preso politikoak gose greba abiatu zuen joan den ostiralean. Aurretik, protesta neurri bat hasi zuen maiatzaren 18an, bere kabuz mitarrera (zigor ziega) sartuz, hurbildua izan eta beste euskal presoak dauden espetxe batera eraman zezaten, Lyonen dagoen euskal preso politiko bakarra baita martxoaz geroztik.

Urtarrilean Mont-de-Marsan espetxera hurbildu zezaten eskatu zuen baina etengabeko itxarote hori eta moduluan ziren bizi baldintza txarrengatik, protesta horri ekin zion, aldarrikapenak zuzendaritzari jakinaraziz.

Ekainaren 3an, espetxeko administrazioak Valence-eko kartzela zentralera (901 km) lekualdatua izango zela jakinarazi zion. Bertan ez da sekula euskal preso politikorik egon. Horren aurrean, Aletxu Zobaran gose greban sartu zen.

Bitartean, atzo jakin izan zen Fleury-ko espetxean zegoen Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoa Valence-ko espetxe berera aldatu dutela. Aletxu Zobaran, bere aldetik, Lyonen dago oraindik.